Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak 176 intzidentzia izapidetu ditu 2023an, azken sei urteetako daturik baxuena, eta jasotako %91,3 esparru publikoan gertatutako eskubide urraketekin lotuta daude. Gainera, urraketen %98,8 euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta daude.

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2023ko txostena onartu du bileran. Bada, txostenak jasotzen duenez, 222 intzidentzia erregistratu dira 2023an hizkuntza eskubideen urraketei dagokienez, eta 176 izapidetu dira, azken sei urteetako daturik baxuena. Gainerako intzidentziak baliogabetu egin dira aurreko intzidentziak errepikatu direlako, aplikazioan akats bat egon delako edo kexaren arrazoia beste bide batzuetatik ebatzi delako.

Izapidetutako intzidentzia guztien artean, 161 kexak izan dira, eta horien artean 159tan urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta egon da (%98,8); soilik bi kasutan eskubide urraketa gaztelaniarekin lotuta egon dan.

Kexa guztien %91,3 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izan dira (147 kexa), eta %8,7 esparru pribatuan gertatutakoak (14 kexa). Gainerako intzidentziak kontsultak (11), eskaerak (2) eta iradokizunak (2) izan dira.

Joan den urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendutako intzidentzien %73,1 gizonezkoek aurkeztu dituzte (144 intzidentzia), %26,4 emakumezkoek (52 intzidentzia), eta %0,5 bitarra ez diren pertsonek (intzidentzia bat).

Esan bezala, kexa guztien %91,3 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izan dira, eta horietatik gehienak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazio orokorrari (%40,8) eta toki administrazioari (%31,8) lotuta gertatu dira.