Berdintasunaren aldeko 2024ko Emakunde Sarirako hautagaiak aurkezteko epea zabalik dago
Berdintasunaren aldeko 2024. urteko Emakunde Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago ostegun honetatik, irailaren 5etik, sariaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren.
Sariaren helburua da publikoki aitortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana dela-eta nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna.
Emakundeko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi duetnez, sariak 14.400 euroko diru zuzkidura gordina du eta hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 7ra bitartean egongo da zabalik.
Bestalde, Miren Elgarresta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak udako jaien balorazioa egin du sexu erasoei eta emakumeen aurkako indarkeriari dagokienez eta, jai guztiak amaitu ez diren arren, hiriburuetako jaiak aipatu ditu, "termometro sozial gisa" balio dutelako, eta "urtez urte, eraso matxisten gaitzespen publikoa handituz" doala nabarmendu du. Edonola ere, "erne jarraitzeko" deia egin du, jaietan salaketak igo direlako.
Elgarrestaren hitzetan, "jaietako pregoi edo hasierako hitz guztietan egon dira emakumeekiko errespetu eta askatasunaren aldeko deiak, jaien programek prebentzio mezuak agertu dituzte, puntu lilak egon dira, 24 orduko zentroak martxan. Nire ustez, sentsibilizazioa, baliabideak eta zerbitzuak gero eta handiagoak dira, eta, protokoloek ezartzen duten bezala, jaiak antolatzen hasten direnetik indarkeria matxistaren prebentzioa hartzen da kontuan".
Emakundeko zuzendaria ziur agertu da urtez urte egiten ari den sentsibilizazio lanak "eraso asko prebenitzea" lortu duela, eta, aldi berean, sentsibilizazio handiagoak erasoak salatzera bultzatu dituela emakume asko, "sozialki eta erakundeen aldetik babestuagoak sentitzen direlako". Horregatik, eskerrak eman dizkie udalei, jai batzordeei, ostalaritzari, elkarteei, mugimendu feministari eta herritar guztiei, "jarrera matxistak gero eta gehiago gaitzesten dituzten jai guneak sortzen laguntzeagatik".
Temas
Más en Sociedad
-
León XIV insta a las mafias a acabar de manera urgente con el tráfico de migrantes
-
Uxue Morgado 19 urteko barakaldarrak irabazi du Barakaldoko 2026ko Karmen jaietako kartel lehiaketa
-
El papa regresa a Roma en el Falcon que le ha ofrecido el rey
-
Reto solidario: Monte Urko, emotivo e inclusivo III Memorial Javi Alberdi