BBK-k eragin soziala eta garapen ahalmen handia duten start-up enpresak azeleratzeko BBK Arin programa pertsonalizatuaren bigarren edizioa jarri du martxan. Bizkaian eratutako start-up-en hazkundea eta garapen iraunkorra bultzatzeko asmoz, ekimenak beharrezko tresnak eta ezaupideak eman nahi dizkie merkatuan zabalkuntza sustatzeko, finantza posizioa hobetzeko eta gizarte, ekonomia eta ingurumen inpaktuarekiko konpromisoa sendotzeko.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, "ekimenaren bidez, BBK-k bost enpresa hautatuko ditu laguntza pertsonalizatuko lau hilabeteko ibilbidean parte hartzeko. Amaieran, BBK-k hornitutako 100.000 euroko finantzaketa funtsaz baliatzeko aukera izango dute, baita ekintzailetzari laguntzeko BBKren eta BATen ekosistemaz ere. BBK-k BAT, B Accelerator Tower-en dituen guneetan garatuko da programa. Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago bbk.eus/bbkarin webgunean, maiatzaren 22ra arte".

Balorazioa

"Lurralde oparoa eta pertsonekiko eta planetarekiko konprometitua ahalbidetuko duen lehiakortasun jasangarriaren aldeko apustuan", ekintzailetzari laguntzea da BBKren gizarte ekintzaren ildo estrategikoetako bat, eta, hain zuzen, hortik sortu da BBK Arin. Horrela, Bizkaian inpaktuko gizarte ekintzailetza eta inbertsioko ekosistema bat sortzeko lidergoa zertu nahi du BBK-k, betiere Garapen Jasangarrirako Helburuen esparruan oinarrituta.

Bada, BBK Arin programaen parte hartzeko interesa duten ekintzailetza proiektuek Bizkaian eratuta egon behar dute, ideia berritzaile batean oinarritutako negozio eredu errentagarri eta jasangarri bat izan behar dute, eta beren eragina eskalagarritasunaren bidez biderkatzeko gaitasuna izan behar dute.

Hautagaitzak jaso ondoren, hasierako ebaluazioa gainditzen duten proiektuak banakako elkarrizketetarako deituko dira. Horietatik 13 azken faserako aukeratuko dira: 'pitch' bat, non start-up-ek beren balio proposamenak eta negozio ereduen funtsezko alderdiak aurkeztuko dituzten BBK, PwC eta IH-ko adituek osatutako batzordean. Erakustaldiaren aurretik prestakuntza bat egingo dute, eta start-up horiei aurkezpen eta komunikazio trebetasunak hobetzeko beharrezko tresnak eskainiko dizkiete.

'Pitch'-ak aurkeztu ondoren bost proiektu aukeratuko dira, eta lau hilabeteko azelerazio fasean parte hartuko dute. Iraila eta abendua bitartean garatuko da, eta mentore talde zabal baten laguntza pertsonalizatua jasoko dute, beren ekimenaren eragin soziala maximizatzera bideratuta. BBK-k 100.000 euro bideratuko ditu azelerazio programa honetara, inbertsio funtsa hornitzeko erabili dituen 100.000 euroez gain.

Azelerazio fasera igarotzen ez diren zortzi start-up enpresek programan sartutako taldeko prestakuntza saioetan parte hartzeko aukera izango dute.