Ostiralean, apirilaren 12an, Ogeta pilotalekua bihurtuko da pilotaren erdigune Vitoria-Gasteizen. Eskuz Banakako Txapelketako final-laurdenetako lehen jardunaldiaren baitan, 19:00etatik aurrera, ‘Pilota Jaia’ egingo dute. Bertan, parte hartu duten taldeetako gazteek pilotari profesionalekin batera esku-pilotan aritzeko aukera izango dute. Gainera, jaialdian zehar egingo dituzten zozketetan parte hartzeko eta modalitate horretako kirolari bikainekin argazkia ateratzeko aukera izango dute.

Kirolen zinegotziak, Ana López de Uraldek, pilota-klubei dei egin die “jaian parte hartzera anima daitezen eta gazteenek beren erreferenteak gertutik ezagutzeko eta buruz buruko partida profesional batez gozatzeko aukera izan dezaten”.

‘Pilota Jaian’ parte hartuko duten 14 urtez azpikoek doan ikusi ahal izango dute jarraian, 21:15ean, jokatuko duten gizonezkoen pilota profesionaleko Eskuz Banakako Txapelketako final-laurdenetako lehen partida. Udal Kirol Zerbitzuak 5 sarrera bikoitz zozkatuko ditu Elordik eta Zabalak jokatuko duten partidarako.

Zozketan parte hartu nahi dutenek apirilaren 11ko, osteguneko, 23:59ak baino lehen eman beharko dute izena Udalaren webgunean egokitutako formularioaren bidez. NAN edo NIE bakoitzeko izen-emate bakarra egin ahal izango da eta baldintza bakarra izango da 16 urte beteta izatea. Saridunen izenak apirilaren 12an, ostiralean, jakinaraziko dituzte.

Zozkatutako sarrera bikoitzak Ogeta pilotalekuko leihatiletan jaso ahal izango dira partida baino ordubete lehenagotik hasita (20:15 eta 21:15 artean). Sarrerak zozketan izena emandako titularrarentzako (NANa erakutsi beharko du) eta harekin batera joango den beste batentzako (adinez nagusia edo adingabea izan daiteke) izango dira.