Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Gasteizko Lakuabizkarra auzoan eraikitako alokairuko 92 zuzkidura bizitoki berrien giltzak emangoi dizkie aste honetan esleipendun izan diren 36 urtetik beherako gazteei, Alokabide sozietate publikoaren bidez.
Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, bederatzi milioi euroko inbertsioa egin da eraikinean, eta lau solairu eta erdisotoan garajea ditu. Teilatuan 153 plaka fotovoltaiko instalatu dira elektrizitate eskaerari erantzuteko, eta geotermia sistema du ur bero sanitariorako eta berokuntzarako.
Eraikinak energia eraginkortasunaren kalifikaziorik altuena du (energia kontsumo ia nulua du), eta, beste ezaugarri batzuen artean, U forman diseinatu da iparralderantz orientatutako patio ireki bat izateko eta bizitokiek orientazio beroagoetara emateko.
90 apartamentu 36 urtetik beherako gazteen kupoari erantzuteko dira (78 logela batekoak dira eta 12 bikoak). Beste bi apartamentuak (bi logelakoak biak), aldiz, mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude. Sustapenak lurpeko 53 garaje plaza ditu, eta bizikletentzako aparkaleku bat barruko patioko beheko solairuan.
Esleipendunak gehienez bost urtean biziko dira etxeotan, txandakako etxebizitzak baitira eta, horien neurriak eta behin behinekotasuna kontuan hartuta, gazteak emantzipatzeko prozesuetan laguntzeko bereziki egokiak. 92 bizikidetza unitateek hilean ordainduko duten kanona horien diru sarreren %30etik beherakoa izango da.
Bizikidetza unitateek ezin dute etxebizitza bat jabetzan eduki, gehienez lau kideko bizikidetza unitate baten parte izan behar dute, Etxebiden, Gasteizen edo Araba Erdialdeko eremu funtzionaleko udalerrietan izena emanda egon behar dute eta 3.000 eta 39.000 euro bitarteko diru sarrera haztatuak izan behar dituzte. Diru sarrera minimoak ez dira kontuan hartzen mugikortasun urriko pertsonen, desgaitasun psikikoak dituzten pertsonen edo gener -indarkeriako biktimen kasuan, eta ezta ere etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonen kasuan.
92 apartamentu berri hauekin, Etxebizitza Sailak Gasteizen alokairu eskuragarriko 3.466 etxebizitza ditu dagoeneko, eta horiei batu behar zaizkie norbanakoek 'Bizigune' programaren bidez hileko kanon baten truke alokairu babestuan jartzeko laga dituzten beste 566. Arabako hiriburuan orain arte 79 zuzkidura bizitoki zeuden, eta orain mota horretako aldi baterako 171 bizitoki izango dira.