Abetxuku auzoak laster zazpi kaletan espaloi zabalagoak eta oinezkoek lehentasuna izango duten eremua izango ditu. Tokiko Gobernu Batzarrak atzo esleitu zion obrak egiteko kontratua Promociones y Pavimentaciones Balgorza enpresari, 293.602 euroko aurrekontuarekin eta bost hilabeteko gauzatze-epearekin. Lan horiek ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ herritarren partaidetzarako programaren hirugarren edizioan irabazle suertatu diren azken jarduerekin lotuta daude.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, “Herritarrek proposatutako ekimen honen bidez, Abetxukun bizi direnen bizi-kalitatea hobetzea lortuko dugu. Espazio eta segurtasun handiagoz ibili ahal izango dira bertako kaleetan oinez”, adierazi du Miren Fernández de Landak, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak. 

Proiektu honen helburua oinezkoen mugikortasuna hobetzea da eta egitasmo horren baitan pertsona batek proposatu zuen, bere izenean. Kristoko espaloien eta Abetxukuko errepidearen arteko intersekzioan ibilbideari jarraipena emateko, lanak egingo dira kale hauetan, espaloiak zabalagoak izan daitezen: Azeduia, Akazia, Eliza, Txarrakea, Laubideta, Ezki eta Iturrizabala.

Gainera, kale horietan, eta Kooperatiba plazan, oinezkoek lehentasuna izango duten espazio bihurtuko dira galtzadak. Horretarako, seinaleztapen horizontala erabiliko da. Oinezkoen erabilerarako kale horietarako sarrera modu bertikalean seinaleztatuta egongo da eta abiadura 20 km/h-ra mugatuko da. Bizilagunek bertan aparkatu ahal izango dute, ondorioztatu zuten Gasteizko Udaletik.