Datorren asteartetik, apirilaren 2tik, aurrera, Udaltzaingoaren Agirrelandako polizia-etxeak aurretiko hitzordua izango du salaketak aurkezteko. Beraz, Jose Erbinako polizia-etxeari gehitu zaio; han joan den otsailaren 12tik aplikatzen baitute formula hori. Udaltzaingoaren polizia-etxeetan salaketa jartzeko aldez aurreko hitzordua zabaltzearen helburu nagusia da izapide hori egiteko itxaronaldiak saihestea eta herritarrei kalitate handiagoko zerbitzua ematea.

Jose Erbinan izandako esperientziak ondo funtzionatu duenez, Agirrelandan bi modutara eska daiteke aurretiko hitzordua: herritarrei arreta emateko 010 telefonoaren bidez edo www.vitoria-gasteiz.org/udaltzaingoa Udalaren webgunean sartuz. Hitzorduak egun batetik bestera eta bi polizia-etxeetako publikoari arreta emateko ordutegi barruan eskatu ahal izango dira: 07:00etatik 21:00etara (14:00etan egiten den txanda-aldaketako tartean izan ezik).

Urtarrilaren 23an zentroko polizia-etxean martxan jarri zenetik, Udaltzaingoak 1.234 salaketa jaso ditu. Horietatik 1.051 Agirrelandan aurkeztu ziren, eta 183 zentroan (%14,8, hain zuzen).

Jose Erbinan izapidetutako salaketetatik 54 delituei dagozkie, eta 129 delitu arinei. Azken horien artean, 73 ebasketak dira (hainbat, dokumentazioa, bizikletak, patineteak…), 14 iruzurrak eta 13 kalteekin lotutakoak, besteak beste.

Agirrelandan jasotako salaketen artean, 456 delituei dagozkie, eta beste 595 delitu arinei. Azken multzo horretan nabarmentzekoak dira 184 ebasketa eta 149 galera; 61 bizikleten eta patinete elektrikoen ebasketa; 77 kalte eta 63 iruzur.

Salaketak aurkezteko aldez aurreko hitzorduari esker (beste polizia batzuetan arrakastaz ezarritako antolaketa-neurria), hobeto bana daitezke herritarrei arreta emateko denborak, eta erosotasuna eta eraginkortasuna lor daitezke pertsonentzat administrazio-lanean.