Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolak 2022-2023 ikasturteko 966 ikasleen graduazio ekitaldia egingo du asteartean, martxoaren 26an, Euskalduna Bilbao Jauregian.
Gainera, EHUk jakinarazi duenez, formakuntza batez besteko 10 notarekin amaitu duten bost ikasleak aitortuko dira: Asier Elorza Larrea (Industria Ingeniaritza Unibertsitate Masterra), Itziar Casado-O'Mara Corral (Telekomunikazio Ingeniaritza Unibertsitate Masterra), Ana Caballero Fernandez (Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako gradua), Alvaro Castaños Saldaña (Industria Teknologiaren Ingeniaritzako gradua) eta Unai Hernando Velasco (Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako gradua).
Ekitaldia 18:00etan hasiko da, eta Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak, Gorka Moreno Bizkaiko campuseko errektoreordeak eta Miren Artaraz Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak parte hartuko dute. Ekitaldiaren ostean, EHUko abesbatzak errezitaldia emango du.
Euskal Herriko Unibertsitatearen beste gai batzuk
Bestalde, 2050erako karbonotan neutro izateko helburua ezarri du Europar Batasunak. Ildo horretan, klima-aldaketa arintzeko gako dira garraio-politikak; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, berotegi-efektuko emisioen herena eragiten du garraioak. Ingurumen-helburu horiek lortzeko oso lagungarri izan daitekeen garraiobide gisa aurkeztu izan da AHTa. Madril eta EAE arteko abiadura handiko trenaren euskal Y-a esaten zaion lineak merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko linea mistoa izatea du helburu, ohi ez bezala, eta mugikortasun jasangarriago bat lortzeko funtsezkoa dela esaten da.
Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa-taldeko kideek euskal Y-aren bizi-zikloaren analisia egin dute linea horrek bere bizitza erabilgarri osoan izango duen ingurumen-portaera ebaluatzeko. “Askotan, ez dira kontuan hartzen azpiegiturak eraikitzeak eragiten dituen ingurumen-kargak. Esan ohi da AHTak ingurumen-kargak murriztuko dituela, trena elektrikoa delako, baina ez da kontuan hartzen eraikitzeko fasean sortzen diren karga guztiak”, adierazi du Andoni Kortazar UPV/EHUko Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko irakasleak. Azpiegiturak eraikitzeko erabiltzen diren lehengaiak eskuratzeko unetik bertatik proiektua amaitzen den arteko inpaktu guztiak kontabilizatu dituzte: “Meategien ustiaketa, eraikuntza-fasea, mantentze-lanak, operazio-fase osoa… Bizi-ziklo osoa hartu dugu kontuan”, erantsi du.
Euskal Y-ak energia-kontsumoa murrizten, klima-aldaketa arintzen eta EBk ezarritako emisio-helburuak betetzen lagundu dezakeen egiaztatzeko, eskura dauden azken datu eguneratuetan oinarritu dira: “Proiektuaren trazadura osoa aztertu dugu, metroz metro. Besteak beste, tunelen eta biaduktuen luzerak neurtu eta dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu; eta, bestalde, operaziorako administrazioak, Adif-ek eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituzten garraio-estimazioei ere dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu. Hala, jakin ahal izan dugu proiektu honek zenbat urte beharko lituzkeen ingurumen-onurak eragiteko”, azaldu du ikertzaileak.