Gasteizen euskararen biziberritzean eta normalizazioan aritzen diren eragile, talde eta erakundeek "ezinegona eta kezka larria" adierazi dute Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK) proiektuaren egoera dela eta, "2024ko martxoan sartu berri baikara, eta oraindik kulturguneak ez ditu ateak zabaldu, eta are okerragoa dena, ez dauka ateak irekitzeko datarik".

GEU, Alea, Bai Euskarari, UEU, Euskaltzaleen Topagunea, Bertsozale Elkartea, AEK, IKA, Hegoalde, Udaberri, ZET, Sarburu eta Judimendiko Euskara Batzordeak sinatutako adierazpenenean, gogorarazi dute obrak amaitu berritan publikoki esan zela iazko udaberrirako zabalduko zela, baina ez zela horrela izan.

"Hauteskundeak etorri ziren, alkate aldaketa, eta IAK zabaltzeko arazoen berri eman bazitzaigun ere, konponbide gutxi azken sei hilabeteetan. Udal Gobernuak, lehengo lepotik burua, eta proiektuaren jarraikortasunaren berme osoa ziurtatu gabe segitzen du", deitoratu dute.

Horrela, Gasteizko euskalgintzako eragileek adierazi dute ondorioa "garbia" dela, hau da, 2022ko uztailean Oihaneder Euskararen Etxea itxi zenetik, "gasteiztarrok kulturgune euskaltzalerik gabe gaude, bertan antolatzen ziren ehunka jarduerez gozatu ezinda, eta gure egitasmo ezberdinak aurrera eramateko erreferentziazko lekurik gabe".

Halaber, nabarmendu dute udal gobernuaren ardura eta erantzukizuna dela "denon artean onartuta eta adostuta dugun proiektu hau martxan jartzea berehala". "Ezin da aitzakia gehiagorik onartu. Bihar berandu izango da, beraz, gaur nahi ditugu ate horiek gurutzatu bertan euskaraz bizi eta lan egiteko", esan dute.

Lazarraga Kultur Elkartea helburu hori lortzeko etengabe lanean ari dela ziurtatu dute, baina zalantzak pizten zaizkiela "ea udal gobernuarentzat lehentasunezko gaia den kontu hau".

"Ezin dugu onartu atzerapen gehiago, udalak IAK proiektua lehenbailehen martxan jarriko dela bermatu behar du, eta bere konpromisoak bete behar ditu egitasmoa kudeatuko duen elkartearekin. Espero dugu laster izatea berri onak, eta dei egiten diegu Gasteizko hiritarrei, gainontzeko eragile euskaltzaleei eta Udal Batza osatzen duten gainontzeko alderdiei, IAK berehala martxan jartzeko behar den bultzada eman dezaten", azaldu dute.

Azkenik, Gasteizko Udal Gobernuari proiektuak behar dituen bermeak mahai gainean jar ditzala eskatzearekin batera, "lehenbailehen zabalik izatea" nahi dutela jakinarazi nahi izan diote. "Laster berri onak izango ditugulakoan, euskara eta kultura uztartzen dituen eta hiriarentzat hain beharrezkoa den proiektu honi gure babes osoa erakutsi nahi diogu", adierazi dute.