“Mugikorrak, familien esperientziak eta ekimenak” da Vitoria-Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak antolatutako Guraso Eskolen XXVIII. topaketaren gaia. Larunbatean, martxoaren 2an, egingo da Europa Kongresu Jauregian eta gizarte digitalak gazteengan dituen eraginen inguruko gogoeta egiteko gune bihurtu nahi du.

“Gazteek telefono mugikorrak eta sare sozialak gehiegi erabiltzea gero eta nabariagoa den arazoa da. Gauza guztiekin gertatzen den moduan, dena bere neurrian. Mugikorra oso tresna erabilgarria eta teknologiaren aurrerapen handia da, baina gehiegizko erabilera adikzio bihur daiteke eta gure gazteen osasuna kalte dezake. Horregatik, Hezkuntza Zerbitzuak, eta topaketa honen bidez, gai horretan arretagunea jarri du eta, aditu eta profesional bikainei esker, gai horrekin lotutako proiektu, tresna eta kasu arrakastatsuak ezagutuko ditugu”, adierazi du Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak (berak irekiko du foroa).

Jardunaldian izango da Telmo Lazkano, sare sozialetan eta pantailetan aditua den dibulgatzailea. Berak zuzenduko du egoeraren inguruko testuingurua jaso eta Euskadin aurrera eramandako ekimenak eta esperientziak azalduko dituzten mahai-ingurua. Familiak eta parte hartuko duten pertsonak gai hauei erantzuna topatzen saiatuko dira: Beharrezkoa al da adingabeen kasuan telefono mugikorren erabilera arautzea? Zein da haien garapenean duen inpaktua? Ba al dago lehen smartphonea jasotzeko gutxieneko adinik?

Honako hauen esperientziak azalduko dituzte: Nora Madariaga, Koldo Mitxelena Institutuko zuzendaria; Aitor Pérez de San Román, Urkide ikastetxeko zuzendaria; Miren Ros, “Gure aukera, guk 16” egitasmoaren sortzaileetako bat eta Lierni Armendariz, ‘Altxa Burua’ kolektiboko kidea. Proiektu horiek helburu berberak dituzte eta familiei banaka eta guraso-eskoletako taldeetako, ikasleen guraso-elkarteetako eta beste kolektibo batzuetako partaideei laguntza eta orientazioa eskainiko dizkieten ikasketak jasotzeko baliagarriak izango dira.

Ekitaldia 17:00etan hasiko da eta sarrera librea izango da, tokia bete arte. Esku-hartzeak gaztelaniaz izango dira eta zati batzuk euskaraz egingo dira, bat-bateko interpretazioarekin. Gainera, zeinu-hizkuntzan eskainitako interpretazioa eta zaintza-zerbitzua ere egongo dira.