Bere 40. urteurrena ospatzeko otsaileko asteazkenetan egiten ari den atzera begirakoaren ondoren, Vital Fundazioak Euskal Zinemaren Astearekin du hitzordua otsailaren 23an. Euskal Zinemaren Asteak nobedade ugari dakartza aurtengo edizioan, hasteko, izena, ZINEMASTEA; iraganean jadanik izan zuen izen hori, eta Vital Fundazioak berreskuratu egin du orain, zinemagintzaren sektoreari ematen dion babesa sustatzeko. Film luzeak baino ez dira emango eta jaialdiaren iraupena 6 egunetik 9ra luzatuko da, lau hamarkada hauetan lortutako arrakastari eustea helburu duten beste aldaketa batzuen artean. Estibaliz Urresolaren ’20.000 erle espezie’, denboraldi honetako arrakasta handia eta 15 Goya saritarako izendatua, eta Pablo Bergerren 'Robots Dreams', Oscar sarietarako izendatua, edizio honetako izarrak dira. Gainera, Kepa Sojok eta Sonia Paciosek idatzitako liburu batek jaialdiaren 40 urteetako historia jasoko du.
Horrela, Vital Fundazioak otsailaren 23tik martxoaren 2ra burutuko du ZINEMASTEA, eta hamaika film luze emango dira. “Film laburrek badute beren lekua Film Laburren Gasteizko Nazioarteko Jaialdian (ICOFF), eta dokumentalek, berriz, Aste Dokumentalean. Ekimen bi horiek era Vital Fundazioak bultzatuta” erakundeak azaldu duenez. Emanaldik Vital Fundazioa Kulturunean izango dira, 19:30ean, (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua) eta emanaldi bakoitza amaitzean, jaialdiko erakargarritasunik handienetako bati eutsiko zaio: filmetako protagonistekin egiten diren solasaldiak.
Banakako sarreren prezioa 3 eurokoa izango da eta edizio osorako abonamendua 22 eurokoa. Erreserbak dagoeneko salgai daude www.fundacionvital.eus webgunean edo Vital Fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxea, Aiztogile kalea, 24) astelehenetik ostegunera 08:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara eta ostiraletan goizez baino ez.
Amaiera-ekitaldia eta gonbidapenak
Sariei dagokienez, ikusleek film onenari ematen dioten sariaz gain, Vital Fundazioak epaimahai profesional bat sortu du eta epaimahai horrek honako sari hauek emango ditu: film, zuzendaritza, gidoi, interpretazio protagonista eta aktore-taldeko onena. Edizio honetan honako hauek osatuko dute epaimahai profesionala: Judiht Colell zuzendari, gidoilari eta zinema ekoizleak; Jaume Balagueró zinema zuzendariak; Alicia Luna zinema gidoilari eta dokumentalen zuzendariak; eta Leonel Vieira portugaldar zuzendari eta ekoizleak.
Beste nobedade bat izango da sariek zuzkidura ekonomikoa izango dutela eta martxoaren 2an Europa Jauregian (20:00etan) egingo den amaiera-ekitaldian emango direla ezagutzera. Jon Plazaola eta Nerea Mazo interpreteek aurkeztuko dute amaiera-ekitaldi hori.
Ekitaldia euskal zinemak azken lau hamarkadetan izan duen bilakaeraren isla izango da, eta ikus-entzunezkoen euskal industriaren egoera nola aldatu den erakutsiko du. Hainbat belaunalditako zinemagileek hartuko dute parte bertan, hala nola Ramón Bareak, Estibaliz Urresolak, Pedro Oleak, Elena Iruretak eta Mikel Losadak, besteak beste, eta, Arabako hitzorduan bizitako esperientziak eta pasadizoak azalduko dituzte. Orain artekoak ez bezalako ekitaldia izango da, eta entretenimenduari nahiz ikuskizunari emango zaie lehentasuna. Gorka Aginagaldek umorezko zertzelada jarriko du eta Raúl Romok zuzeneko musika bere bandarekin batera. Hain desiratua den hitzordua girotuko dute, eta bertan, sariak banatzeaz gain, ezusteko asko eta hunkigarriak izango dira.
Amaiera-ekitaldira joan nahi dutenek gonbidapena jaso beharko dute Vital Fundazioaren egoitzan, Kordoi Etxean (Aiztogile kalea 24), astelehenetik ostiralera 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara (ostiraletan, goizetan bakarrik). Gehienez ere 4 gonbidapen jaso daitezke pertsona bakoitzeko.
Programa
ZINEMASTEAren 40. edizio hau ostiralean, hilak 23, inauguratuko da Jaione Cambra zuzendariaren ‘O corno’ lanarekin, Donostiako Zinemaldian film onenaren Urrezko Maskorra.
Asteburuan saio bikoitza izango da, 17:00etan eta 19:30ean. Larunbatean, 'El sueño de la sultana' filmaren eskutik hasiko da. Isabel Herguera du zuzendari lan horrek eta animazioa Eduardo Elosegirena da. 1905eko indiar kontakizun feminista batean oinarrituta, animaziozko film onenaren izendapena jaso du Goya sarietan eta Forqué sarietan. Izendapen bi ditu Donostiako Zinemaldian, eta beste bat Feroz sarietan, non fikziozko Feroz Arrebato (Sari Berezia) irabazteko hautagai den. Jardunaldiak aurrera jarraituko du Arantza Etxebarriaren ‘Chinas’ filmaren eskutik. 9 urteko neska txinatar bik ikastetxean elkarrekin topo egin dutela kontatuko digu eta denek jo dutela ziurtzat lagun egingo direla, baina ez dute inolako loturarik. Lau izendapen ditu Goya sarietarako, baita Forqué sarietako Zinema eta Balioetan Hezteko Sarirako ere.
Igandeko lehenengo saiorako (17:00) Pablo Berger bilbotarraren ‘Robots Dreams' aukeratu da. Animaziozko film luze onenaren sarirako izendatu dute aurtengo Oscar sarietan. Sara Varonek Manhattanen bizi den txakur bakarti bati buruz idatzitako eleberri grafiko ezagunean dago oinarrituta istorioa. Robot bat eraikitzea erabakiko du txakurrak, bere lagun izan dadin. Europako Zinemaren Sarietan saria lortzeko izendatuta dago lan hori, baita animaziozko film, gidoi egokitu, soinu-banda eta muntaia onenaren sarietarako ere Goya sarietan, besteak beste. 19:30ean, Victor Iriarteren 'Sobre todo de noche' emango dio amaiera igandeko jardunaldiari. Espainiako zinemaren aurtengo harribitxietako bat da lan hori.
Astelehenean, hilak 26, '20.000 erle espezie’ filmaren eguna izango da, 15 Goya sarirako izendatua; Berlingo Zinemaldian interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen; hiru sari, besteak beste, katalanez ez den film onenarena, Gaudí sarietan; Film onenarena eta Balioetan Hezteko Zinemaren Sariarena Forqué sarietan; Film Dramatiko Onenarena eta Aktore-Taldeko Emakumezko aktore onenarena Feroz sarietan eta Malagako Zinemaldian, beste sari askoren artean. Opera prima heldua eta anbizio handikoa da. Filmean, trans neskato baten nortasun-bilaketak familiaren katarsia leherraraziko du, familiari, identitateari eta memoria indibidualari nahiz kolektiboari buruzko proposamen interesgarri eta naturalista, kritikaren arabera.
Victor Erice zuzendari beteranoa (83 urte eta 27 film eginak) ZINEMASTERA itzuliko da, asteartean, hilak 27, ‘Cerrar los ojos' filmaren eskutik. Goya sarietarako hamaika izendapen, Feroz sarietarako bederatzi, eta ‘Cannes Premiere’ Sailean lehiaketaz kanpo aurkeztua Canneseko Zinemaldian, zinemako drama bat da zinema barruan.
‘Las buenas compañías’, Silvia Muntek zuzendua eta zuzendari katalanaren zein Jorge Gil Munarriz gidoilari guipuzkoarraren filma izango da protagonista asteazkenean, hilak 28. Ondoren, ostegunean, hilak 29, ‘Una vida no tan simple' etorriko da, helduen bizitzako une erabakigarri bati buruz bidaia existentziala, non Félix Viscarret 40ko hamarkadako krisia erretratatuko duen. Gidoi original onenerako izendatua Goya sarietan.
Amaiera-ekitaldiaren baino lehenagoko azken egunean, martxoaren 1ean, alegia, saio bikoitza izango da berriz ere: Itsaso Aranaren 'Las chicas están bien' eta Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquezen 'Upon entry'. Lehenengoa udako ipuin bat da, lau aktoreren eta idazle baten arteko bizikidetzari buruzkoa. Antzerki-lan bat entseatzen ari dira errota zahar batean, mundutik aparte; zuzendaritza berri onenaren sarirako izendatua. ZINEMASTEAren edizio honen amaiera thriller psikologiko batentzat izango da, Feroz eta Gaudí sarietan gidoi onenaren saria jaso du, Malagan gizonezko aktore onenaren saria, eta Goya sarietan, gizonezko aktore onenaren, zuzendaritza berri onenaren eta gidoi original onenaren sarietarako izendatua.