Gasteiz berriro ere Ponle Freno ekimen solidarioko enbaxadoreetako bat izango da 2024an, eta irailaren 21ean bide-segurtasuna sustatzen eta zirkulazio-istripuetako biktimak babesten dituen lasterketa solidarioa jasoko du.
Aurten, lasterketa solidarioak errekorra hautsiko du eta Espainiako 10 hiritan egingo da martxoaren 17tik abenduaren 22ra bitarte. Arabako hiriburuaz gain, lasterketa hiri hauetan ere egingo da: Badalona, Mallorcako Palma, Zaragoza, Malaga, Valentzia, Pontevedra, Santander, Madril eta Kanaria Handiko Las Palmas. Hiri guztietan, 5 edo 10 kilometroko modalitateetan hartu ahal izango da parte, eta haurrentzako lasterketak ere egongo dira.
Honen aurkezpenean izan da Kirol eta Osasun zinegotzia, Ana López de Uralde, hiri parte-hartzaileetako beste ordezkari batzuekin batera. Hitzorduan izan dira, gainera, zirkuituko enbaxadoreak: Martín Fiz maratoilari gasteiztarra, Abel Antón atleta eta Manu Sánchez telebistako aurkezlea.
López de Uralde harro agertu da “beste urte batez Gasteizek lasterketa jasoko duelako eta zirkulazio-istripuetako biktimekin elkarlanean aritzeko aukera izango duelako. Horri esker, gainera, Kirolen Udal Zerbitzuak bultzatzen dituen balioak erakutsiko ditugu”.
Dortsalen salmentaren bidez bildutako diru guztia zirkulazioko biktimei ematen zaie. Iaz, Ponle Freno ekimenaren 15. urteurrenean, Lasterketen Zirkuituak hiri gehienetan partaidetza-markak hautsi zituen. Guztira, 34.000 korrikalari inguru elkartu ziren eta bildutako dirua 316.856 eurokoa izan zen (zenbateko historikoa).
Aurten, ekimen solidarioan lagundu hartu nahi dutenek formatu birtualeko lasterketan ere parte hartzeko aukera izango dute. Azaroaren 16an eta 17an izango da, Madrilgo lasterketa egingo den data beretan.