Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean kanpaina bakarra izango da berriz ere aurten Euskadin.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek kanpaina bateratua sinatu dute. Erakunde guztien artean koordinatutako kanpaina bateratu horren bidez, gizartea ohartarazi nahi da gazteen sexu-hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz.

Kanpainaren leloa honako hau da: Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da, eta zenbait datu nabarmentzen ditu, hala nola:

• Eszena pornografikoen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du.

• Pornoarekin lehen kontaktua izateko batez besteko adina 12 urtekoa da.

• Nerabeen % 33,4k uste du pornoek eragin handia dutela beren sexu-harremanetan.

Aurkezpenean izan dira Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria; Nerea Isasi Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun zuzendaria; Jone Berriozabal Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua; Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Esther Apraiz EUDELeko presidentea.

Nerea Melgosa sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde guztiek modu koordinatuan lan egitea gizarteari mezu bakar bat helarazteko, eta herri konpromisoaren irudia erakustea emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde. Melgosak ohartarazi duenez, "teknologiaren aurrerapenak, Interneten nonahikotasunak, pornografia gure gizartean masiboki hedatzea eragin du, aurrekaririk ez duen moduan, eskaintza ikaragarriarekin, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin". Bere hitzetan, "arazoa ez da sexua, indarkeria baizik, nagusiki kontsumitzen den pornoa emakumeen aurka bortitza delako".

Horrela, pornografia "indarkeriaren eskola" bihurtzen ari da, "harremanetan egin behar dutenari buruzko jarraibideen liburu moduko bat". Pornografia "imajinario erotiko kolektibo bat eraikitzen ari da, non emakumeen aurkako indarkeriazko jarrerak normalizatzen diren; imajinario bat, non beste pertsonarekiko enpatia desagertzen den, eta botere-harremanekin ordezkatzen den; menderatzen ikasten duten gizonak, men egiten eta umiliatuak izaten ikasten duten emakumeak". Bere hitzetan, gehien kontsumitzen den pornoaren bidez, "maskulinitate bortitza eta menderatzailea indartzen da, eta feminitate atsegina, kosifikatua, beti gizonezkoen gozamenaren eskura dagoena".

Sailburuaren iritziz, "emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea ere bada gazteek kalitatezko sexu-hezkuntza jasotzea", eta, ildo horretan, gizarte osoari dei egin dio, baita erakundeei, gizarte-eragileei eta familiei ere, "gazteek sexua indarkeriarekin, emakumeen umiliazioarekin eta haien gauzatzearekin lotu ez dezaten".

Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak adierazi duenez, "ezin dugu onartu indarkeria, umiliazioa eta emakumeen menderatzea erotiko eta natural bihurtzea; ezta sexua indarkeriarekin nahastea ere; ez inor behartuta egotea bere sexu-praktiketan nahi ez dituen gauzak egitera".

Elgarrestaren hitzetan, gazteek "kalitatezko sexu-hezkuntza jasotzeko eskubidea dute". Gogorarazi duenez, Emakunde, beste ekintza batzuen artean, hezkuntza afektibo-sexualean adituak diren pertsonekin lan egiten ari da Jakitun programaren barruan, eta "gehien kontsumitzen den pornografia, indarkeriaz beteta egoteaz gain, estereotipo eta aurreiritzi arrazista eta sexistez ere beteta dagoela ohartarazten digute".

Esther Apraiz, EUDELeko presidenteak azaldu du euskal udalei zuzendutako Azaroaren 25eko Adierazpena kanpainarekin bat datorrela: "EUDELek erakunde mailako mekanismo guztiak aktibatzea proposatzen du, emakumeek beraien desioak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adierazteko aukera izan dezaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita".

Jone Berriozabal Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak defendatu duenez, kontsumitzen den pornografiak "rol eta arketipo bortitzenak erreproduzitzen, islatzen eta sustatzen ditu", eta, beraz, "ezin dira gazteenak horrekin hezi". Ildo horretan, Aldundiak "familiei laguntzen jarraitzeko" konpromisoa agertu du, ikastetxeekin batera "hezkuntza afektibo-sexualari modu eraginkorrean aurre egin diezaioten".

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, bat egiten du kanpaina honekin, Nerea Isasi Berdintasun zuzendariak azaldu duenez, indarkeria matxista ematen den eremu berri horietan azpimarra jartzea oso garrantzitsua delako. Adierazi duenez, “ingurune digitalean hedatu eta iraunarazi egiten dira mendekotasun-egoerak, indarkeria matxistaren dinamika berriak sortuz”. Horri arreta berezia emanez, kanpaina honekin bat egiten du aldundiak errealitate horri buruz kontzientziatzeko eta askatasunean eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza sexual eta afektiboaren aldeko konpromisoa erakusteko. “Belaunaldi berriak berdintasunean trebatu behar ditugu, haiek baitira etorkizuna”, esan du.

Azkenik, Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak gaineratu duenez, "politika publikoen, sentsibilizazio-kanpainen, gizarte zibilaren eraginaren eta aldarrikapen feministaren eragina nabaritzen dugun arren, egia da datuak hazi egiten direla, matxismoa suspertu egiten dela, indarkeriak forma berriak ere hartzen dituela, eta hauek azaroaren 25ean gogoratu behar ditugula baita ere".

Kanpaina azaroaren 10etik 25era egingo da telebistan, irratietan, off line eta online hedabideetan, kaleko euskarrietan eta sare sozialetan.