1.000 plaza inguru eskainiko dira besteak beste, teknologia berrien, industriaren, nekazaritza ekologikoaren eta logistikaren, banaketaren eta garraioaren arloko 80 programatan.

Horrela, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udalak gaur zabalduko du enplegurako prestakuntza-ikastaroetan izena emateko epea. 80 programatik gorako eskaintza zabala izango du, komunikazioaren teknologien, industriaren, merkataritzaren, eraikuntzaren, nekazaritza ekologikoaren eta logistikaren arloan, besteak beste.

“Programa honekin, langabeak prestatzea edo birziklatzea da xedea, bai prestakuntza eskasarengatik zaurgarrien direnak, bai etendako lan-esperientzia dutenak edo iraupen luzeko langabezian daudenak”, azaldu du Maria Nanclaresek, Ekonomiaren Sustapena, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak. “Halaber, ikastaro hauek beren ezagutzak edo esperientzia aldatzen ari den lan-merkatura egokitzeko beharra dutenei daude zuzenduta”, gehitu du.

356 ikastarotako 1.000 plaza inguru eskainiko dituzte. Horietatik 106 aurrez aurre eskainiko dituzte eta 250 Internetez jarraitu ahal izango dira, betiere, ikasleen egoera desberdinetara egokitzeko helburuarekin.

CETIC informazioaren teknologietan, sare sozialetan, industria sortzaileetan eta 4.0. Industrian espezializatutako ikastaroak sustatzen ditu. Halaber, oinarrizko gaitasun digitalerako edo alfabetatze digitalerako prestakuntzak eskaintzen ditu, prestakuntza indartzeko beharra duten eta enplegagarritasun urria duten kolektiboentzat. Bestalde, Ignacio Ellacuría Udal Ikastegia eraikuntza jasangarriarekin eta industria tradizionalarekin lotutako arloetan dago espezializatuta.

“Berrikuntza modura, aurten logistika, banaketa eta garraioan oinarritutako prestakuntza-plana eskainiko dugu. Aitzindaria izango da Euskadin, eta sektore horretan hauteman den gero eta eskari handiagoari erantzuteko aukera emango du”, iragarri du Nanclaresek.

Programa Udalak sustatu du, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, eta 1,3 milioiko inbertsioa egin ondoren, 600 pertsonak jaso ahal izango dute prestakuntza lurraldean. Proiektuaren barruan ikasgelak berritu, pabilioia egokitu eta biltegiratzeko maniobrak egiteko zelaigune bat egin da.