Emigrazioak 37.000ra iritsi ziren, % 3,3 gehiago izanik, eta migrazio-saldo positiboa 2000ko urteetako maximora iritsi da, 22.171 pertsonarekin

2022an 59.194 immigrazio izan ziren eta 2021ean 39.427; Eustatek landutako datuaren arabera, beraz, % 50,1 igo ziren. Emigrazio-kopuruak ere gora egin du, nabarmen gutxiago bada ere, eta 2021ean 35.839 izan ziren eta 2022an % 3,3 gehiago, 37.023, alegia. Immigrazioen igoera handiaren ondorioz migrazio-saldoa 22.171 pertsonakoa izan da, pandemia aurreko hazkundearen bidea berreskuratuta, eta baita gaindituta ere, 2000ko urteetako maximora iristeraino.

Migrazio-saldoak goranzko joera jarraitu du urtean zehar: urtarriletik ekainera 9.881 pertsonako saldo positiboa izan zuen eta urtearen bigarren erdian 12.290 pertsonakoa.

Lurralde historikoen arabera, Bizkaiak 11.818 pertsona gehiago izan zituen, eta kopuru absolutuetan migrazio-saldo altuena izan zuen, baita kopuru erlatiboetan ere (aurreko urteko igoera baino 9 aldiz handiagoa). Gipuzkoak 6.982 pertsonako saldo positiboa izan zuen (2021ean baino 8 aldiz handiagoa) eta Araban 3.371 pertsonakoa (2021ean baino 2,5 handiagoa). Hiru lurralde historikoetako eskualde guztietan da positiboa migrazio-saldoa, eta salbuespena Arabako Mendialdea da, saldoa 10 pertsona gutxiagokoa baita.

Hiriburuak kontuan hartuz gero, hiruek dituzte saldo positiboak: Bilbok 4.529 pertsona gehiago, Donostiak 2.098 gehiago eta Gasteizek 2.863 gehiago.

Euskal AEren eta gainerako autonomia-erkidegoen arteko mugimenduei dagokienez, 2022an 1.154 pertsonako saldo negatiboa izan zen, eta 2021ekoa baino handiagoa izan da (-573 pertsona). Bestalde, atzerriko herrialdeekiko saldoa, 2021ean 4.161 pertsonako positiboa izan zena, sei aldiz handiagoa izan da, hau da, 23.325 pertsonakoa.

Kanpoko edo erkidegoz kanpoko mugikortasun geografikoa 2021ean 1.000 biztanleko 34,3koa izan zen eta 2022an 44ra igo da. Lurraldez lurralde, Araba ‰ 46,8ra iritsi zen, Bizkaia ‰ 44,1era eta Gipuzkoa ‰ 42,6ra.

Gainerako autonomia-erkidegoekiko migrazio-mugimenduak kontuan hartzen baditugu, ikusiko dugu Euskal AEk horietako 7rekin migrazio-saldo positiboa izan zuela, eta gainerako 10ekin saldo negatiboa. Horrela, 2022an saldoa -1.154 pertsonakoa izan zen eta aurreko urtean -573koa.

Euskal AEtik joale gehien erakarri zituzten autonomia-erkidegoak hauek izan ziren, eta hurrenkera horretan: Gaztela eta Leon, Madril, Kantabria, Katalunia eta Andaluzia. Bost autonomia-erkidego horiek jaso zituzten gure autonomia-erkidegoa beste batzuetara joateko utzi zuten pertsonen % 57,5.

Autonomia-erkidego horiek izan ziren immigrante gehien ekarri zituztenak ere, honako beheranzko hurrenkeran: Madril, Gaztela eta Leon, Kantabria, Katalunia eta Andaluzia. Bost horietatik etorri ziren Estatutik iritsitako immigrante guztien % 57,6.

Andaluzia da saldo positibo altuena duen autonomia-erkidegoa (201 pertsonakoa), eta Gaztela eta León saldo negatiboena duena, -489 pertsonakoa.

Immigratzaileen batez besteko adina ia bi urte jaitsi da, 32,5 urtera arte, eta emigratzaileena berriz 37,3 urte da. 20-39 urte bitarteko pertsonek immigrazioen % 50 egin zituzten, eta emigrazioen % 47.

Sexuari dagokionez, aldeek gutxitzen jarraitzen dute: immigratzaileen % 51 gizonak dira eta % 49 emakumeak; eta emigratzaileen kasuan egoera antzekoa da: % 53 gizonak dira eta % 47 emakumeak.