“15 minutuko hiriak” Carlos Moreno hirigileak ezagutarazi zuen kontzeptua da. Baina, zertan datza? Berez, hiri-ideia bat da, biztanleek eguneroko beharrak distantzia txikian asetu ahal izateko hiri-inguruneak sortzean oinarritzen dena. Izaskun Aseguinolaza Doktore arkitektoak definizio horri “pertsonak erraz bizi ahal izatea” ideia gehitzen dio, “lan, erosi, aisia… bere etxe inguruan edo gehienez mugikortasun aktiboaren bitartez 15 minututara egin ahal izatea”.
Ander Gortazar eta Mikel Azkona arkitektoek Aseguinolaza Doktorearekin batera lan egiten dute arlo akademikoan. Hirurak UPV/EHUko Arkitektura Saileko Hirigintza eta Lurralde Antolakuntza Arloan aurkitu ahalko ditugu. Gainera, bakoitzak arkitektura munduan bere bidea egin du, profesionalki irakaskuntzatik kanpo beste proiektu batzuetan parte hartuz. Morenori esleitzen zaio kontzeptuaren sorrera, baina “15 minutuko hiriak” izenarekin aipatzen den fenomenoa Morenok izena jarri aurretik ere aurkitu ahal dugu. Aseguinolazak, adibidez, XX. Mendeko 20ko hamarkada aipatzen du, non “industrializazioak sortutako hiri ondorioen aurrean, Clarence Perryk auzo-unitateak defendatzen zituen herritarren oinarrizko funtzioak betetzeko”.
Hiruren artean Morenoren kontzeptu honek zertan oinarritzen den azaldu dute. Aseguinolazak, adibidez, “crono-urbanismo” eta “denboraren geografia” kontzeptuak aipatu ditu: “Kontzeptu horiek hiriaren eraikuntzan aplikatzeak, hirietako denboraren eta espazioaren arteko harremanaren berdefinizioa dakar”.
Carlos Morenorekin batera, beste bi izen propio agertuko dira: Anne Hidalgo eta Paris. Hidalgoren gidaritzapean, Parisen aplikatzen hasi den hiri-ideia baita, Moreno bere hirigintzako aholkularia bihurtuta. Helburua, Aseguinolazak dioen bezala, “Pariseko auzoak bertan bizi, lan, zaindu, ikasi, erosi eta aisiarako” prestatzea izango da. Izaskun Aseguinolazak hirian hartutako neurrien artean, kaleak pertsonentzako hornitzea, komertzio txikia bultzatzea eta bidegorriak zabaltzea aipatzen ditu.
Gortazarrek ere beste kontzeptu bat ekarri du gogora: “Topophilia. Alegia, lekuarekiko maitasuna, bizi garen toki horrekiko atxikimendua”. Topophilia horri gure gizartean ohikoak diren beste fenomeno batzuk lotu dizkio: bizilagun elkarteak, kirol eta aisialdi taldeak, auzoetako festak, gertuko merkataritza… “Hau ere izan dugu historikoki gure auzoetan, eta ez ote gara galtzen ari?”.
Hiri-ideiaren erronkak
Aipatutako neurriak ez ezik, erronka handiago batzuk ere badaude: “lana etxeetatik urruti izatea” eta jada existitzen diren eraikinen erabilera malgutzea. Azkeneko kasu honen adibide bezala eskolak aipatu ditu: “16:00etatik aurrera hutsik gelditzen dira, zergatik ez beste erabilera batzuetarako azpiegitura bezala erabili?”. Horrelako hiri-ideia batek ekarri ahal dituen berrikuntzei buruz, hirurek bat egiten dute: soldatapeko lanaren birmoldaketa bat izango litzateke berrikuntza handiena, baita erronka handiena ere.
“Egia da gaur egun errazagoa beharko lukeela lan mota ezberdinak eta etxebizitzak hiri-eremu berean nahasteak”, dio Gortazarrek. Hala ere, erraztasun hori mugatuta ikusten da gizartearentzat ez delako beti posible non bizi eta lan egiten dugun erabakitzea, “hori bai, auzo mistoek mugikortasun sare eraginkorragoak errazten dituzte”, ondorioztatzen du arkitektoak.
Izaskun Aseguinolazak fokua gure jarduera ekonomikoaren garapenean jartzen du. “Industria zaratatsua eta ketsua” izatetik, beste industria mota batera eraldatu da gure jarduera. Teknologiarekin eta zerbitzuekin zerikusi handiagoa duenez, “hauek etxebizitzen erabilerarekin nahasiago egon” daitezkela dio Aseguinolazak. Auzo mistoen aldeko argudioa egiten du ere berak, “zergatik ez etxebizitzak eta jarduera ekonomikoak nahasiak dituzten auzoak bultzatu”.
Hiri-eredu honen partehartzearen beharra
Aseguinolazak “tokia zer eta zein den definitzeko beharra” dagoela dio eta “bertakoen behar eta indarguneak identifikatzeko baita ere”. Horretarako, hirigintza partehartzaile bat beharrezkoa da, edo Doktoreak dioen bezala, “herritarrak herri proiektuaren parte sentitzea” gakoa izango da.
Azkonak gaur egun oraindik parte-hartze prozesuak erabiltzera eta onartzera ohituta ez gaudela dio. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) EAEko eta Nafarroako hirigintza tresna da, erkidego bakoitzaren Lurralde Antolamendu eta Lurzoru Legeen arabera arautua. Horren funtzioarekin, bai bera, baita Gortazar ere, kritikoak dira. Azkenengoak epe ertainera eta luzera baliagarriak izan ahal diren euskarriak direla dio, baina “gaur egun asko ixten dira eta erabaki asko finkatzen dira”. Horren harira, Azkonak epe luzera arazoa agertu ahal direla dio. Gasteiz erabili du adibide gisa: “2008ko krisiaren aurretik hartutako erabaki askok, orain eraikitzen ari den hiria baldintzatzen dute”. Berak dioen moduan, gizarte bezala egon ahal ziren hainbat ikuspegi goitik behera aldatu dira, baina “orain eredua aldatzeko dugun gaitasuna oso murritza da”.
Aseguinolazaren ustez aurretik azaldu den “auzo mistoen” ideia HAPO-etan aplikatu ahalko litzateke. Hala ere, hauetan jarraitzen ari den gaur egungo 95/5 proportzioa egokia ez dela defendatzen du: “70/30 gutxienez, 70 etxebizitza, 30 jarduera ekonomikoa. Horrela gure hirietan edukiko dugun jarduera ekonomikoak benetan hirian txertatuta egoteko gaitasuna izango du“.
Zein da egoera gurean?
Azkonak Euskal Herriko hainbat txokotan ematen den egoera bat aipatzen du: “Egun, lotarako-herri edo aldiriko auzo askotan behartuta gaude autoa hartzera ogi barra bat erosteko”. 15 minutuko hirien kontrako kritikak ere zabaldu dira, adibidez, beste auzo batzuetara ez garela joango eta ondorioz gizarte nahasketa gutxiago emango dela. Horren aurrean, Azkonak argi utzi nahi du hiri-eredu honek ez zaituela “behartzen bertan lan egitera edo erosketak hor egitera. Kasu guztietan ezingo bada ere, sustatu nahi duena hori egiteko aukera gehiago izatea da”.
EAEn eta Nafarroan horrelako espazioak sortze aldera, Gortazarrek kontzeptua Parisen sortu izanaz larritzen da, “metropoli handi baten testuinguruari lotuegia azaltzen” zaigulako. Gure lurraldeetan horrelako hiri-ideia sustatzeko, “gure hiri eta herrien tamainarekin eta, batez ere, gure lurralde-egiturarekin nola lotu ebatzi behar dugu”.
Azkonak zalantzarik gabe adierazten du 15 minutuko hiri-proiektua egingarria dela gure lurraldeko txoko askotan, “baina begirada aldatzea eskatzen du batez ere”. Adibidez, txoko guztietan aplikatu beharko litzateke? Bere ustetan, ez. Proiektuak bere izenari arrakasta zor diola dio, baina aldi berean, izen horretan ere kritika asko metatzen direla uste du: “Gehiago hitz egin beharko genuke herri bakoitzeko herritarren beharrez eta arkitektura-hirigintzak ekar ditzakeen hobekuntzez, programari emango zaion izenaz baino”.
EAEn eta Nafarroan dauden zailtasun bezala, lan eremu asko etxebizitza eremuetatik bananduak ditugula aipatu du Aseguinolazak, “eta tamalez, bananduak egoteko planifikatzen jarraitzen dugu bulu-belarri”, gehitu du Azkonak.
Bere ustetan, azkeneko planifikazio mota horren adibidea da Hondarribian hasierako onespen fasean dagoen HAPO berria: “Lanerako zoru guztiak hirigunetik urruti proposatzen ditu; hauen artean, Parke Teknologiko berri bat herriaren aldirietan, hain modaz pasatako dentsitate baxuko hiri eta lantoki eredu hedakorra planteatuz”.
“Monofuntzionaltasuna” alde batera uzteko beharra
Hirien etorkizunari lotuta dagoen fenomeno gisa aurkeztu du Aseguinolazak “etxebizitza eta auzo berriak monofuntzionalak izateko deseinatzea”. Hala ere, argitu du horrek ez duela esan nahi toki guztietan etxebizitzen behe-oinetan erabilera komertzialak beharrezkoak direnik. “Baina inolako jarduerarik gehitzen ez denean, inoiz beharra suertatuko balitz, ez da aukerarik egongo”.
Gainera, eremu handiak eta berriak sustatzen direnean, hiriguneari begira planifikatzen direla dio. Erdi-aroko hiriguneen hazkunde radialak gogorarazi ditu Azkonak, non zentro historikoek markatutako hierarkia errespetatuz hiriguneak planifikatzen ziren: “Agian motxila hori ezin kendu gabiltza?”
Gortzarrek azpimarratu du Carlos Morenok 15 minutuko hiriak kontzeptua pluralean erabiltzen duela: “Paris 15 minutuko hiri ezberdinez osatuta dagoen hiri polizentrikoa da”. Esaten duen bezala, susmoa du ez ote goazen maiz kontrako norabidean, “mikrozentro gero eta gotortuagoak sortuz”. Donostia jarri du horren adibide bezala: “Polizentrismoa aipatzen da, baina funtsean egiten dena erdigunea indartzea da. Geltoki nagusiak Atotxan jarri izana, esaterako. Horrela ulertzen dut nik, konexio hobeak dituen Riberasen jarri beharrean. Mikrozentrismo hori arazo batzuen sorburu dela esango nuke, gainera”.
Aseguinolaza Doktoreak gakoa ikuspegi aldaketan dagoela berriz azpimarratzen du: “Herri orotan har daitezke neurriak, egunerokotasunaren eskala hori lagundu eta osatzeko. Ez da hiri handiei soilik dagokien ikuspegi bat”.