Kultura Arabako txoko guztietara eramateko Vital Fundazioak duen Vital Araban zehar programari esker, asteburu honetan, bertakoei eta bisitariei aisialdiko hainbat jarduera eskaintzeko ekimen honen aldeko apustua egin duten hamalau udalerrik, musika, antzerki eta abesbatzen emanaldiak izango dituzte.
Egitaraua antzerki hitzordu goiztiar baten eskutik hasiko da. Gaur, ostirala, 11:00etan, Aguraingo igerilekuetan Organik antzezlana izango da ikusgai. Emilio Fernández de Pinedo eta Deiviz Amezturen lana da, eta David Gutiérrez aktorea du protagonista. Bertan, Mr. Natural baratzeko eta lorategiko bio-abenturazale ausartak eta errukiorrak, frutak eta barazkiak maite ditu, bizitza ematen die eta ahotsa jartzen die. Bere alde iluna, Yoyo itzala, bere urdailaren sakonenetik sortzen da. Sabelkoia eta krudela da, bere jateko gogo biziak bizitza menderatu eta esklabo bihurtu nahi du, landare-munduaren gainetik dagoela uste baitu. Arratsaldean, 20:30ean, Dulantziko Herriko plazan, Acoustic for all taldearen kontzertua izango da, ibilbide luzeko musikariek 2017an osatutako hirukotea. Roberto Potis (gitarra eta ahotsa), Nacho Martín (gitarra eta ahotsa) eta Rubén Azkura (bateria eta koruak) abesti propioak eta eurek akustiko bihurtzen dituzten elektrikoko bertsioak jotzen dituzte.
Larunbatean, Uribarri Ganboako plazan (17:30ean), Dramagia taldearen ‘Sin varita y con sombrero’ ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Hirurogei minututan, David Blanco eta Señor Pérez Dominique Legrand mago frantziarra eta Chon dinastiako bere laguntzaile txinatarra izango dira. Dominiquen trebetasunak ez dio inbidiarik ematen Chin Choni, bere jakinduria eta ahalmen mentalak baititu, eta ez dira ipuin txinatarra. Antzerkiak Aiaran jarraituko du. Etxaurren igerilekuetan, 19:00etatik aurrera, Abentura Zirraragarria antzetuko dute. Lan horretan, Perlik eta Koxkolok, munduko hainbat uharte zeharkatuz, bidaia zoragarria biziko dute. Istorioz, pertsonaiaz, abenturaz, musikaz, dantzaz eta umorez jositako ipuin musikala da, eta haurrek (zazpi urte arte) altxor zoragarri bat bilatuko dute, musikaren eta dantzaren laguntzaz. Abenturazko istorio eta liburuei eginiko omenaldia.
Navarretek musika aukeratu du eta, 19:00etan, elizan, Joyful Gospel Choir gasteiztar abesbatzaren kontzertua izango da. Taldea 40 abeslariz eta Jazzean espezializatutako bost musikari profesionalez osatuta dago. 2020an bigarren diskoa grabatu zuten, ‘XXI. Mendeko Gospela', eta funtzio sozial bat ere egiten dute, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonei parte hartzeko diru-laguntzak emanez. 19:30ean, Bufalo Club taldeak Zuhatzu Kuartangoko igerilekuetan joko du. Soinu amerikarra duen boskote arabar hau Mario Gomezek (Los Fastuosos, Blues morning singers…) gitarran eta ahotsean, Xabi Baldeonek eta Iñigo Etxeitak (elkarrekin berriro, Crines bere jatorrizko bandan hasi zirenetik hainbat abentura izan ondoren) baterian eta gitarran eta Alberto Andinok, baxuan, osatzen dute.
20:00etan, Laudioko Alberto Acero plazan Orkestina MVren musika emanaldia izango da eta Moreda Arabako eskola zaharretan Ruta 21 taldearen emanaldia izango da. 20:30ean, Antoñanako frontoiko plazan gauza bera egingo dute Jukevox taldekoen abestiek; eta Incomprendida Cassandra bertsio akustikoen taldeak emango du larunbateko azken kontzertua Mañuetako jubilatuen parkean. Taldea ahots mistoek, harmonikak, gitarrek, baxuak eta kaxoiak osatzen dute, eta, besteak beste, U2, Red Hot Chili Peppers, Pink eta Muse taldeen bertsioak egiten dituzte.
Igandeak goiz musikala eta antzerkiari emaniko arratsaldea izango ditu. 13:00etan, Gopegiko Artzegi Tabernako terrazan, jazz estilo atsegin eta dibertigarria egiten duen B3 Dixeland taldea arituko da. Bere emanaldiak Dixieland-en oinarritzen dira, joan den mendearen hasieran New Orleanseko auzo beltzetan sortu zen jazz modernoaren jatorrietako batean. Erritmo handiko estandar dibertigarriak jotzen dituzte, dantzatzeko errazak, Lindy Hop estiloan. Jukevox taldeak emanaldia errepikatuko du, oraingoan Eltziegoko igerilekuetan, 13:30ean.
Arratsaldean, antzerkiaren txanda izango da. Pon ta Pa, zirkuaren magia eta haurren imajinarioa lotzen dituen ikuskizun dinamiko eta gozoa, Herediako plazan gozatu ahal izango da, 18:00etan. Ponen urtebetetze jaiak pertsonaia bi horien mundu xelebrea ezagutzeko aitzakia izango da. Izuen, lasterketen, bonba-oparien eta pastelen artean, akrobazien, malabareen eta xaboi-ponpen unibertsora eramango gaituzte lagun biek. Gerezi erraldoiak, alergia sendaezinak eta erremedio magikoak. Eta amaitzeko, Gurendeseko plazan Double Bill obra antzeztuko da. Lan hori diziplina anitzeko nahasketa bat da, eta bertan, zirkua, magia eta gainerako arte eszenikoak komedia eta absurdorantz biltzen dira, marka erregistratua duen estiloa sortuz portaera barregarria eta dotorea nahasten dituzten pertsonaia biren ergelkeria burutsuari esker.