Gizartea sentsibilizatzea eta informatzea gazteei eragiten dien gaixotasun sendaezin honen problematikari buruz, eta kolektibo horren bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren EAEko esklerosi anizkoitzeko zentroetan eskaintzen diren errehabilitazio-zerbitzuak finantzatzeko funtsak lortzea.
Helburu horiekin, AEMARek (Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkartea) eta Vital Fundazioak antolatutako ‘Mojate – Busti Zaitez’ kanpaina 26. ediziora iritsi da, Arabako gizartea ‘bustitzera’ gonbidatzeko asmoz. Bustitze hori esklerosi anizkoitza duten pertsonei laguntzeko ekintza izango da baita birgaitze-zerbitzuak mantentzeko dirua biltzeko ere. Aurten, uztailaren 9an izango da hitzordua, eta ekitaldi nagusia 12:00etan izango da, Estadio Vital Fundazioaren instalazioetan (Cervantes ibilbidea 20, Vitoria-Gasteiz). Halaber, interesa dutenek Aldayeta Klub Nautikoan, Mendizorrotzan edo Gamarran eta Bastidako igerilekuetan ere ‘busti¡ daitezke.
Aurtengo edizioa aste honetan aurkeztu dute Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Iratxe Asurmedi AEMAReko koordinatzaileak, Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak eta Ana López de Uralde Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak. Ekimenak Arabako Foru Aldundiaren babesa ere badu.
Busti Zaitez #Mójate2023 kanpainaren irudia Katuky Saguyakyk egin du aurten ere. Bere diseinatzaile den Mikel Urmenetak ilustrazio bat sortu du, hodei biren irudi argitsua da, eta igarotzean dena bustitzen dute, esklerosi anizkoitza duten pertsonei elkartasuna adierazteko.
Kanpainan parte hartzeko modu bi daude: ekimenean parte hartzen duten igerilekuetako batean bustiz edo produktu solidarioak erosiz. Lehenengo aukeran, igerilekuan mugatutako eremuan nahi diren metroak igerian egin baino ez da egin behar, eta esklerosi anizkoitza duten pertsonei lagundu zaiela dioen diploma egiaztagarri eta sinboliko bat jasoko da. Edo familia osoarentzako artikulu solidarioen katalogoa ere kontsulta daiteke. Bertan, Mikel Urmenetaren eta Katuky Saguyakyren diseinuak dituzten mota guztietako merchandisingak aurkitu daitezke salgai. Uztailaren 9an bertan eros daiteke, horretarako jarritako standetan, edo AEMAR elkartean (Giza Eskubideen hiribidea 37). Era berean, jardunaldi osoan, boluntarioek informazioa emango dute eta diptikoak banatuko dituzte, esklerosi anizkoitza zer den eta nola lagundu azaltzeko.
Udako ekitaldi solidarioa
Urte hauetan zehar, milaka partaidek eta euskal gizarteko dozenaka aurpegi ezagunek babestu dute ekimena. Agintariak eta gizarte, kultura edo enpresa arloetako ordezkariak, besteak beste, busti egin dira esklerosi anizkoitzaren alde, eta Mojate-Busti Zaitez sendotu egin da, Udako Ekitaldi Solidarioa bihurtu arte.
“Denbora honetan Arabako gizartearen eskuzabaltasun eta elkartasun handia egiaztatu dugu; izan ere, gizarte horretan konfiantza dugu, eta harekin eskutik jarraitu nahi dugu sentsibilizatzeko eta gaixotasun hori ezagutarazteko, 400 arabar ingururi eragiten baitie, 2.200 pertsonari Euskadin, 47.000ri Estatu osoan, eta prebalentzia berezia du emakumeen kasuan”, elkarteak azaldu duenez.
Lehenengo ediziotik gaur arte, esklerosi anizkoitzak bilakaera sakona izan du: pronostiko ona ez izatetik, apenas ezer ez jakitetik, tratamendu medikorik eta sentsibilizazio sozialik ez izatetik, bizi-kalitatea hobetu duten tratamendu farmakologikoak eta tratamenduak izatera igaro da, gaixotasunaren bilakaera aldatzeko duten gaitasunari esker.
Ikerketa izan da beste aliatu nagusia. Sendabide bat bilatzea helburu nagusi duela, ikerketa forma progresiboenentzako tratamendua bilatzean oinarritzen da, aukera terapeutiko gutxiago baitituzte, baita kalteak iraultzean ere.
Ildo beretik, “pazienteen elkarteen lana ezinbestekoa izan da kaltetuei eta haien familiei laguntzeko, bai ahalik eta bizi-kalitate onena lortzen, bai ikertzeko eta gizartea sentsibilizatzeko funtsak lortzen”, Aemar-en nabarmendu dutenez.