Ertzaintzako agenteek 48 eta 31 urteko bi gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean Ortuellan, azpiestazio elektriko batean indarra erabiliz lapurtzea egotzita. Ibilgailuan lapurtutako kobrea kargatzen ari zirela harrapatu dituzte.
Hala, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, goizaldeko ordu biak aldera, Muskizko ertzain-etxeko herritarrak babesteko agenteak Ortuellako azpiestazio elektrikora joan dira, bertan intrusio-alarma bat piztu dela jakin ostean. Bertaratu direnean, patruila ohartu da instalazioaren atzealdean bi gizon zeudela han aparkatuta zegoen ibilgailu batean zrbait kargatzen. Polizia ikusi dutenean, ezkutatzen eta ihes egiten saiatu dira, eta inguruan geldiarazi ahal izan dituzte.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, iturri berberek prentsa-ohar baten bitartez gaur bertan gaineratu dutenez, "susmagarriak identifikatu dituzte, eta egiaztatu dute beren ibilgailuan kobrezko kable ugari zeudela (egiaztatu ahal izan dutenez, azpiestazioan lapurtu zuten), baita hainbat tresna ere, hala nola zizailak, bihurkinak eta kurrikak", esan dute eta gaineratu dute: "Egoera ikusita, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, biak atxilotu dituzte, indarrezko lapurreta-delitu baten ustezko egile gisa".
Azkenik, Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenez, atxilotuak "ertzain-etxera eraman dituzte, beharrezko eginbideak egiteko". Eginbideak egin eta gero, "ondoren, epailearen esku uzteko", ondorioztatu dute Ertzaintzatik egindako eta hedabideei bidalitako prentsa-oharrean.