Berri onak landa-ostatuetarako. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak aste honetan bertan egin eta argitaratutako txosten baten arabera, landa-ostatuek bezero-kopuru handiagoa dute.

Zehazki, eta ildo beretik jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko landetxeetan, 2023ko apirilean, sarrera kopurua % 2,9 hazi da, aurreko urteko hilabete beraren aldean, eta ostatu-gauen kopurua, % 6,0. Urte arteko hazkuntza horiek kontuan hartuta, 15.526 sarrera izan dira eta 38.659 ostatu-gau joan den apirilean.

Aurreko urteko apirilarekin alderatuta % 58,1 hazi ondoren, atzerriko jatorria duten sarrerak 2023ko apirilean Euskal AEko landetxeetan izan diren sarreren guztizkoaren % 21,2 izan dira. Ostatu-gauen kasuan, aldi berean, atzerriko jatorrikoak guztizkoaren % 16,7 izan dira; % 29,2ko hazkuntza izan dute 2022ko apirilaren aldean.

Lurralde historikoaren arabera, sarreretan, urte arteko igoerak % 6,7koak izan dira Bizkaian, % 2,3koak Araban eta % 1,1ekoak Gipuzkoan, 2023ko apirilean. Ostatu-gauei dagokienez, % 15,9ko eta % 18,0ko hazkuntza izan da Araban eta Bizkaian, hurrenez hurren, eta, Gipuzkoan, berriz, % 2,2ko beherakada.

Euskal AEn mota horretako establezimenduetako batez besteko egonaldia 2,49 egunekoa izan da apirilean, 2022ko hil berean izan zen batez besteko egonaldia (2,42 egun) baino altuagoa. Batez besteko egonaldia bidaiariek gaua igarotzen duten establezimendu bakoitzean batez beste ematen duten egun kopuruari dagokio, eta ez Euskal AEn egiten duten egonaldi osoari.

Plazen eta gelen okupazio-mailek urte arteko hazkuntza izan dute: ehuneko 2,1 eta 1,7 puntu, hurrenez hurren; plazen arabera, % 29,4 eta gelen arabera, % 32,9.