2022ko laugarren hiruhilekoan, EAEn 3.453 jaiotza izan ziren, aurreko urteko aldi berean baino % 4,1 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Nabarmentzekoa da jaitsiera bereziki nabarmena izan dela oraingoan Araban, 553 jaiotza erregistratu baitira, hau da, aurreko urtean baino % 12,5 gutxiago; Gipuzkoan 1.171 jaiotza izan dira, % 5,1eko jaitsierarekin, eta Bizkaian 1.729 haur jaio dira, % 0,2ko jaitsierarekin.
2022ko laugarren hiruhilekoan Euskal AEn ama izan ziren emakumeen % 30,6 atzerritarrak ziren, 2021eko aldi bereko % 29,7 hura baino gehiago. Araba ehuneko horren gainetik egon zen, % 40,5era iritsi baitzen; ondoren, Gipuzkoa eta Bizkaia izan ziren, % 30,1eko eta % 27,9ko ehunekoekin, hurrenez hurren.
Jaiotzak adinaren arabera banatuz gero, 35-39 urteko amen ehunekoa % 33,9koa da, 30-34 urteko amena % 32,8koa eta, 25-29 urteko taldearen ekarpena, % 13,2koa. 40 urtetik gorako amak (% 12,8) 25 urtetik beherakoak (% 7,3) baino gehiago izan ziren.
Amatzeko adina aldatu egiten da nazionalitatearen arabera ere. Izan ere, ama atzerritarren batez besteko adina 31,1 urtekoa izan zen, eta espainiar nazionalitateko amen batez besteko adina, ordea, 34,7 urtekoa.
"2022ko laugarren hiruhilekoan, ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren % 51,5 izan ziren, 2021eko aldi berean erregistratutakoa baino ehuneko 1,3 puntu gehiago", esan eta gaineratzen dute txostenean: "Jaiotza-hurrenkeraren arabera, erdiak baino gehiago, 1.739 (% 50,4), lehendabiziko seme-alabak izan dira; 1.234 (% 35,7) aurretik beste seme edo alaba bat bazuten amenak izan dira; hirugarren eta ondorengo seme-alabak 480 izan dira (% 13,9)".