Aurten, orain arte, hiru motozale hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sarean, guztiak Gipuzkoan. Era horretako istripuei aurrea hartzeko, Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, motozikleten abiadura zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina indartuko du larunbatean eta igandean, gaur eta bihar, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, abiadura desegokian gidatzea da motor-gidarien kolektiboan istripua izateko arrisku-faktore nagusietako bat, eta besteak dira arauz kontrako aurreratzeak, arreta-galtzeak, trebezia-falta, ekipamendu egokia ez eramatea edo alkohola eta drogak kontsumitzea.
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak zuhurrak izaten saiatzeko eta errepidean zaurgarrienak diren kolektiboak, hau da, oinezkoak, txirrindulariak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI) gidatzen dituztenak eta motor-gidariak, errespetatzeko eskatu du berriz ere. Bestalde, Nire gurpiletan jar zaitez estrategia ekarri du gogora: “bide-segurtasunaren arloko sentsibilizazioa eta motor-gidarientzako formakuntza sustatzen baititu, trebeziak hobetu ditzaten eta arriskuko portaerak eta istripuak saihets ditzaten”.
2020ko datuen arabera, motozikletak Euskadiko ibilgailu guztien % 10 dira. Lurraldeen arabera, Gipuzkoa da motozikleta gehien erregistratuta dituen lurraldea (ibilgailu guztien % 46), eta, jarraian, Bizkaia (% 42) eta Araba (% 12).
Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 45 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.