Lehendakari baieztatu du aurrean ditugun erronka handiei aurre egiteko Herri Akordioak gauzatzeko erabateko borondatea duela. “Ez dira edukirik gabeko hitzak, Legebiltzar honetan egiazta daitezkeen ekintzak baizik. Gobernu honek, gehiengo osoa izanda ere, ibilbide luzea du oposizioarekin akordioak lortzen. Izan ere, lortutako akordioen erdiek baino gehiagok Ganbera honetako talde baten edo biren parte-hartzea izan dute gutxienez, Gobernuari babesa ematen diotenez gain”, adierazi du.
Zentzu honetan, Urkulluk gogorarazi du akordiorako aukera berriak daude, hala nola izapidetzen ari diren zazpi lege-proiektuak, hala nola Hezkuntza; edo prestatzen ari diren aurreproiektuak, hala nola Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea. “Atea irekita dago”, gaineratu du.
Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, hezkuntzaren lege-proiektu berriaren desfase ekonomikoari buruz.
Urkullu lehendakariak azpimarratu du EZ dagoela desfase ekonomikorik hezkuntzaren lege-proiektu berrian, eta argitu du gauza bat Hezkuntza Legea onartzearen ondoriozko aurreikuspenak direla, hau da, onartzen denerako aurreikuspenak, eta beste bat, oso bestelakoa, 2023ko aurrekontuak, 2022ko abenduan onartuak eta exekutatzen ari direnak.
Aurrekontu Zuzendaritzaren txostenak honela dio, hitzez hitz: "Justifikatzen da Legetik eratorritako edozein konpromiso ekonomiko ez dela gertatuko esparru juridiko honen erregulazioan, baizik eta esparru hori aplikatzean, ondorengo erregelamendu-arauak garatuz". Hau da, ez aurrekontu honetan, baizik eta hurrengoetan, legea onartu ondoren.
“Badakizue lege-proiektuak leialtasunez jasotzen duela Hezkuntza Itunean ezarritakoa. 14 hilabeteko lanaren eta jarraipen zorrotzaren ondoren, zuek kanpoan geratzea erabaki duzue, ekarpenik ez egitea. Argudiorik eta arrazoirik gabe erabaki duzue. Badakizue, eta badakigu, Hezkuntza Itunean hartutako konpromiso guztiak betetzen ari direla”, adierazi du Lehendakariak.