Gazteen sorkuntza bultzatzea, baina euskararen erabilera aisialdian ere modu berean bultzatzea administrazio publikoen helburu nagusietako bat izaten jarraitzen du.

Helburu sendo horrekin dator berriro Gazte Sortzaileak programa.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udalak, Euskara eta Gazteria zerbitzuen eta Arabako Foru Aldundiaren bidez, berriro jarri du abian ‘Gazte Sortzaileak’ deialdia, 17 eta 35 urte artekoei zuzendutako EUSKARAZKO gazteentzako sorkuntza-beka. Ekimenaren helburua da euskarazko sorkuntza sustatzea eta, horri esker, 30 lagunek garatu dituzte ia 10 urtez proposamen kultural ezberdinak.

Beka 17 eta 35 urte artekoei zuzenduta daude eta, eskatzailearen adinaren arabera, bi kategoria daude. Hautatutako pertsonek 4.000 euroko laguntza jasoko dute eta are garrantzitsuagoa den beste zerbait ere: sorkuntza-prozesu osoan alboan izango dituzten eta ibilbide luzea egin duten profesionalek eskainitako aholkularitza. Oro har, proiektuak 6 hilabeteko epean estreinatzen dituzte.

Hautagaitzak aurkezteko epea uztailaren 14ra arte egongo da zabalik. Proposamenak Udalaren erregistroaren, gizarte-etxeen edo Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez erregistratu behar dira.

Gaur goizean jakinarazi dituzte 2022an beka eskuratutako proposamenen izenak. Zehatzago esanda, honako hauek izan dira:

•   Amaia Bono, Belarriprest. Nire lehen sortzelan euskaraz. Antzerkia?, poesia eta performancea.

•   Sara Berasaluce eta Yone Estivariz, Ohiko Lekuak. Argazkia.

•   Irati Antia, Azukre beltza. Murgiltze-esperientzia digitala.