Gasteizko Udalak semaforoak jarriko ditu Bus Elektriko Iraunkorra (BEI) igarotzen den hiru ikastetxetan. Zehatzago esanda, hemen jarriko ditu semaforoak: Abendaño ikastola parean, Ángel Ganiveten eta Eskolapioak ikastetxearen ondoan. Ikastetxe horietako zuzendaritzek eta ikasleen gurasoen elkarteek eskatu zuten neurri hori. Dena den, BEIk uneoro izango du igarotzeko lehentasuna. Izan ere, semaforoa automatikoki gorrian jarriko da garraio publikoa iristen denean oinez gurutzatu nahi duten pertsonentzat.
Gorka Urtaran alkateak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak gaur goizean eman diete hiru ikastetxeetako arduradunei udal-gobernuak hartutako erabakiaren berri, eta esku-hartze horren inguruko xehetasunak azaldu dizkiete. Neurria hiru zonalde horietan aurrez garatutako beste ekimen batzuei gehituko zaie. “Ikastetxeekin eta ikasleen guraso-elkarteekin etengabeko harremanetan gaude. Aurretik ere hartu ditugu bideko segurtasuna hobetzeko, eta ikasleek eta familiek segurtasun hori hauteman dezatela laguntzeko neurri batzuk. Ezarritako lehentasunen artean, orain beste ekintza bat gehitu dugu: semaforo hauek jartzearena”, azaldu dute alkateak eta zinegotziak.
Abendañon: Erdibitzaileetan dauden babeslekuak handitzea; zirkulazioa lasaitzeko erdibitzaileak eta zirkulazioko errailaren murrizketak; aparkatzeko eskaintza handitzea; seinaleztapena indartzea; txirrindularien konektagarritasunean hobekuntzak eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren eta Pedro Ausaren arteko P-50 seinaleetan ‘eskua-stop’ optikak instalatzea, besteak beste.
Angel Ganivet: Jacinto Benaventeren aldean, ikasleak ateratzeko eta sartzeko espaloian aurrealdeko hesia; aldaketak semaforoen erregulazioan eskolako ordutegian semaforo berdeari denbora gehiago emateko; prestakuntza-ikastaroa; errefortzu argidunak oinezkoentzako pasabideetan; eta BEIren ibilbide osoan, semaforoen sarea egokitzea ONCEren agintea detekta dezan, besteak beste.
Eskolapioak: 15 minutuko aparkalekuak ikastetxe inguruan; semaforoa Jacinto Benavente kaleko ikastetxerako sarreran eta irteeran eta hesia jartzea Florida kalean kalearen irteeran eta sarreran bidegorriaren pasabidea babesteko, besteak beste.