Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua gaur goizean agertu da Eusko Legebiltzarraren aurrera, berak eskatuta, Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2022ko Txostena aurkeztera. Dokumentua UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendariak, Jon-Mirena Landak, zuzenduta eta koordinatuta egin da.

Txostenak Ertzaintzak 2022an erregistratutako 438 gorroto-gertakari aztertzen ditu, horietako gehienak, 435 (% 99,3), gorroto-delituak dira, eta 3 (% 0,68) gorroto izaerako arau-hauste administratiboak. Aztertu diren 435 delituetatik 9tan diskriminazio anizkoitzak erregistratu ziren; hori dela eta, kolektibo babestuen aurkako delituak guztira 444 izan ziren, eta kopuru hori 2022an erregistratutako gorroto-delituen kopurua baino handiagoa da.

"Eusko Jaurlaritza txosten hau egiten hasi zen lehenengo urtearekin, 2016arekin, alderatuta, delituen kopurua esponentzialki igo da, batez ere 2021etik 2022ra. Igoera hori, alde batetik, gorroto-delituak ugaritu izanari egotz dakioke, baina baita gizartearen kontzientziazio handiagoari eta tolerantzia txikiagoari, poliziaren eraginkortasun handiagoari, legegintzaren bilakaerari eta beste hainbat arrazoiri ere", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik gaur.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, delito mota batzuk aipatzearren, iaz Ertzaintzak 44 pertsona atxilotu zituen eta 246 inputatu zituen gorroto-delituak egiteagatik. Ertzaintzak agintari judizialaren eskuetan jarritako pertsonen profilari dagokionez, txostenak honako hau erakusten du:  Gehienak, % 74 (182 pertsona), espainiarrak dira, eta horietatik 148 (% 81,3) Euskadikoak dira.% 42,8 Bizkaian bizi dira, % 28 Gipuzkoan eta % 10,4 Araban. % 76,8 gizonak dira eta % 22,7 emakumeak. % 67,4 18-50 adin-tartekoak dira, txostenaren arabera.