Euskadin sartzeko batez beste 525.000 desplazamendu izan dira eta beste hainbeste Euskaditik irteteko, hau da, 2022an baino ia % 2 gehiago. Mugikortasunak gora egin duen arren, istripuen tasak % 38 egin du behera iazkoarekin alderatuta.
"EAEk zertxobait gainditu ditu Aste Santuko mugikortasunari buruz egindako aurreikuspenak, eta, zoritxarrez, pertsona bat hil da Euskadiko errepide-sarean Itzulera Operazioan. Apirilaren 10ean gizon bat hil zen BI-636 errepidean, Bilbon, autoa iraulita. Iaz bi pertsona hil ziren egun hauetan", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.
Euskadin izandako trafiko-bolumenari dagokionez, Euskadira sartzeko 525.000 desplazamendu izan dira batez beste, eta beste hainbeste irteteko, eta 2022ko Aste Santuan, batez beste, 515.000 izan ziren. Horrek esan nahi du ia % 2 gehiago izan direla, zalantzarik gabe eguraldi eguzkitsuak eta prezipitaziorik ezak eraginda.
Biriatuko mugako pasabidean igoera oraindik ere nabarmenagoa izan da: iaz baino % 4,5 gehiago izan baitira joan-etorriak. Hala ere, eta Euskadiko hiriburuetako sarbideen kasuan, trafiko-fluxuak ibilbide luzekoen oso antzekoak izan dira, 2022ko Aste Santuko joan-etorriekin alderatuta % 2,25 gehiago izan baitira.
Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Eguraldi onak eraginda, iaz baino joan-etorri gehiago izan dira, auto-ilarak ohikoak izan dira baina ez da zirkulatzeko arazo aipagarririk izan. Heriotzei dagokienez, aurtengo Aste Santuan pertsona bat hil da trafiko-istripuan Euskadin, eta 2022ko egun hauetan bi hil ziren. Biktima bakoitza itzulerarik gabeko galera da, eta gogoan izan behar dugu, beraz, garrantzitsua dela errepidean zuhurrak izatea”.
Díaz de Corcuerak nabarmendu duenez, mugikortasunak gora egin duen arren, nabarmen egin du behera istripuen kopuruak. Aurten, apirilaren 5etik 10era bitartean, guztira 50 istripu erregistratu dira (horietako 28 biktimadunak), eta pertsona bat hil da eta bi larri zauritu dira. "Horrek esan nahi du istripuen tasak % 38 egin duela behera 2022arekin alderatuta, urte horretan 80 istripu gertatu baitziren, eta bi pertsona hil ziren eta 6 larri zauritu ziren", gaineratu dute Eusko Jaurlaritzatik.
Trafiko-fluxurik handienak ohiko puntuetan erregistratu dira, eta dentsitateak iazko Aste Santukoen oso antzekoak izan dira.
Bizkaian arazorik handienak apirilaren 6an, ostegunean, goizean, izan ziren A-8an, Muskiz eta Barakaldo artean eta Kantabriarako noranzkoan. Puntu horretan 15 kilometrora arteko ilarak sortu ziren Irteera Operazioaren eta istripu baten ondorioz.
Eusko Jaurlaritzak Bilbo eta El Haya artean istripua edo matxura izan duten ibilgailuak erreskatatzeko prestatutako garabi-zerbitzu hitzartuak 5 erreskate egin zituen (guztiak matxuragatik).
Gipuzkoan, apirilaren 5ean 10 kilometroko ilarak sortu ziren AP-8an, Frantziarako noranzkoan, Biriatuko ordainlekuan, Irteera Operazioan ibilgailu ugari iritsi izanaren ondorioz; ilara horiek eragina izan zuten GI-636 eta N-121A errepideetan ere. Ostegun Santu goizean, apirilaren 6an, 8 kilometrora arteko ilarak sortu ziren bai Biriatuko ordainlekuan bai Zarauzkoan, Frantziarako noranzkoan.
Araban, Irteera Operazioan, asteazkenean, hilaren 5ean, arratsaldean, eta Ostegun Santu egunean, apirilaren 6an, goizean, sortu ziren ohiko ilarak Armiñongo lotunean, eta 6 kilometrora artekoak izan ziren.