Hurrengo lerroetan zehar, Karmele Jaio idazle gasteiztarrak eta egunkari honetako kolaboratzaileak atzo Donostiako Bulebarrean irakurritako mezua ikus daiteke. Jaio da aurten Korrikako lekukoan bidaiatu duen idazkiaren egilea.
"Herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat. Hori da Korrika.
Oihu honek hogeita bigarrenez erakutsi digu hizkuntza bat ez dela hitzekin egiten bakarrik, hi-tzekin eta gorputzekin baizik. Belaun eta hanken gainean trostan eraman daitekeela hitza; dardara, arnasestu eta izerdi artean pasatu ahal zaiola elkarri eskutik eskura.
Hizkuntza zerbait fisiko bihur-tzeko ahalmena du Korrikak. Gure a e i o u partikularra gorpuzteko. Eta hori behar du euskarak; haragi bihurtzen diren hi-tzak.
Euskarak behar du hezurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu eta nerbio sistema bat. Behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malko eta listuz busti-tzea behar du euskarak. Hatz markaz zikintzea.
Zikindu dezagun, beraz, euskara; lohitu dezagun bizitzaz. Eta egin dezagun euskararekin hainbat inertziaren aurka:
Hitzak hustu diren garai batean, bete ditzagun euskararen berbak harriz eta herriz.
Indibidualismoa indartuz doan garaian, egin dezagun euskara kolektibo bat, denon artean eta denona.
Gerren sasoian, lehenetsi dezagun beti hitza.
Influencer eta youtuberren aroan, izan ditzagun guk bestelako jainko txiki inspiratzaileak.
Euskararen pronostikoa gugan dagoela gogorarazi zigun Pello Zabala, adibidez.
Edo euskaraz apaltasun eta harrotasun hitzak bateragarriak direla erakutsi zigun Joan Mari Torrealdai.
Edo euskara ez dela zaila, euskara nahia dela erakutsi ziguten Elbira Zipitria, Julene Azpeitia edo Izaskun Arrue bezalako andereñoak.
Eta etiketen garaian, ahaztu di-tzagun behingoz euskaldun berri eta zaharrak. Iraultza honetan, lasterketa honetan, denok garelako euskaldun berri. Hizkuntza bat egunero hasten delako, egunero berritzen delako. Hizkun-tza bat ez delako jaiotzen, egin egiten delako.
Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik.
Eta atera dezagun gure eztarrietatik Mauriziaren irrintzi baten indarraz.
Ekin euskarari, eutsi kateari!
Gora Korrika eta gora euskara!"