gasteiz- 2020an genero indarkeriaren biktimak ekonomikoki laguntzeko 1.300.000 euro bidera-tzea erabaki zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamena onartuz. 2019ko aurrekontuarekin alderatuz, 200.000 euroko igoera suposatzen du horrek. Eta, urtero lez, laguntza horretarako urteko partida agortuz gero, handitu beharko da.
2019an inoiz baino genero indarkeriaren biktima gehiagok jaso zuten laguntza ekonomiko hau, 194k orotara. Halaber, 2008an diru-laguntza hauek abian jarri zirenetik, momentura arteko aurrekontu handiena izan zen iazkoa (aurtengoa kontuan hartu gabe). 1,1 milioi euro banatu ziren, modu honetan antolatuta: Araban 219.816 euro, 37 espedienterekin; Gipuzkoan 217.620 euro, 39 espedienterekin; eta Bizkaian, 662.004 euro, 118 espedienterekin.
Duela 12 urte, diru-laguntza hauen aurreneko deialdian, Eusko Jaurlaritzak 145.375,30 euroko aurrekontua bideratu zuen genero indarkeriaren biktima diren emakumeen-tzako. Aurten 1.300.000 eurokoa izateak, hasierako datuarekin alderatuz gero, %794ko igoera suposatzen du. Era berean, diru kantitateak gora egin duen heinean, gero eta emakume gehiagok erabili dute laguntza hau (2008an 18 onuradun egon ziren aldetik, 2019an 194 izan ziren onuradunak, edo berdina dena, %1.077ko igoera). 2011tik aurrera, urtero egon dira 100 onuradun baino gehiago.
Laguntza hau genero indarkeriaren biktima diren emakumeek baliatu dezakete soilik. Lege Organikoan azaltzen denaren arabera, gizon batek bikotekidea den edo izandako emakume baten aurka erabilitako indarkeriarekin bat dator. Hartara, ez dira sartzen bestelako indarkeria motetako biktimak: familia barruko genero indarkeria, sexu askatasunaren aurkako indarkeria edo lan inguruneko jazarpena.
"Laguntza honen azken helburua diru-sarrerarik eza aldi baterako arintzea da, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria jasaten duten emakumeei bizirauteko gutxieneko baliabide batzuk emateko, erasotzailearengandik askatu eta beste bizitza independiente batekin hasi ahal izateko", azaldu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak. Edo beste era batean azalduta, laguntza honen helburua, ekonomikoki garrantzitsua eta aldi batekoa izanik, emakumea bizitako tratu txarren egoera horretatik errazago baten ateratzean datza. "Laguntza horren bidez, ziurrenik izango dituen zorrei aurre egin ahal izango die, eta etxebizitzaz aldatu ahal izango hala behar izatekotan", itxi du Jaurlaritzak.