gasteiz - Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren edizio berri bat jarri du martxan, zenbait euskaltzaleen eta euskara elkarte, udal, liburutegi publiko eta liburu dendarekin batera. Aurtengoa, irakurzaletasuna sustatzeko egitasmo honen hamabigarren edizioa izango da. Martxoaren 12an hasi eta maiatzaren 31 bitartean gauzatuko da Euskal Herriko 45 herritan, besteak beste, Arabako zazpi herritan, hiriburuan barne.

Egitasmo honek, 12. urtez, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatuko ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Horretarako, besteak beste, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatuz.

Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, udalen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker burutzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du.

Hiru pausu Kanpainaren izenak berak (Irakurri, Gozatu eta Oparitu) argi adierazten duenez, hiru pausu erraz emanda parte hartu daiteke: Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu irakurleok.

Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun irakurleok. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Beraz, liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu.

Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30 euroko balioa duen txeke baten zozketa egingo dute, hilabete horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.

liburuak elkarri oparitu Hainbat udal eta mankomunitate, Nafarroako Foru Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren kultura sailak eta Bizkaiko Foru Aldundia babesleak dira. Liburuak elkarri oparitzea sozializaziorako tresna ere bada. Horregatik proposatuko zaie taldekako dinamikak dituztenei, adibidez, irakurle txoko, mintzalaguna-mintzakide-berbalaguna, ikastalde, kultur talde eta abarretako kideei liburuak elkarri oparitzea, trukatzea eta irakurritakoa kontrastatzea, taldeen dinamika eta kideak aberasteko praktika gisa.

Martxoaren 12an hasi da Irakurri, Gozatu eta Oparituren 2018ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 15era artekoa izango da.

Aurten ere, egitasmoa udaberriko hilabeteetan garatuko da, alde batetik, liburutegietan garai hobea izaten delako, eta bestetik, liburu-opari eta trukeen dinamika, opor aurreko hilabetetan eginez “udako liburua” opari hartutakoa izatea sustatu nahi delako.

Kanpainaren eragin positiboa Esan bezala, aurten Euskal Herriko 45 herritan izango da martxan ekimena eta nabarmentzekoa da aurreko lau urteetako herri gehienetan eskainiko dela, egitasmoaren balorazio onaren adierazle.

Aurreko edizioetan frogatu da kanpainak eragin positiboa izaten duela herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izaten du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela eta Txalaparta.

Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 euskara elkartek osatzen dute. Elkarteen zein mugimenduaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte: haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea, besteak beste.

Informazio gehiago behar izanez gero, maria@topagunea.eus helbidera idatzi dezakete, edo 688648164 telefono zenbakira deitu. Webgunea: www.topagunea.eus/irakurri.