gasteiz - Atzo ehunka lagun elkartu ziren Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz Gasteizen, giro ezinhobean eta irrikitan. Egitarau berezia antolatu zuten GEU elkarteak eta Arabako ALEAk larunbat iluntzerako. Goizean, euskaldunak ez diren gurasoek ipuin eta seme-alaben laguntzaz euskara ikasteko Sorgina Txirulina tailerra antolatu zuten. Ostean, arratsaldeko bostetan Jostabi elkarteak antolatutako Euskal Olinpiadetan familian euskaraz disfrutatzeaz gain, euskal jolas zein abestiak gogoratu eta euskal kultura eta mitologiarekin lotutako jolasak antolatu zituzten, 5-12 urte bitarteko umeentzat.

Larunbat iluntzean, azken urteotan bezala, kandelen mosaikoa egitea zen asmoa, baina dena aldatu zuen eguraldiak ekintza Alde Zaharreko Arkupeetara eramaten. Iluntzeko 19.00etan kandelak pizten hasi ziren, bertaratzen zirenen laguntzarekin. Guztira, 1.500 kandela baino gehiago piztu zituzten euskararen alde.

Bitartean, umeentzako margoak, puxikak eta photocolla izan ziren. Mosaikoa prest egon zenean bertaratutakoekin argazki erraldoia egin zuten.

ERRONKEN zUHAITZEAN ESKEGI Oihaneder Euskararen Etxean dago zain Euskaldunon Erronken Zuhaitza. Norberak euskara erabileran aurrerapausoak emateko erronkak proposatzea da helburua. Horretarako, herritarrei beraien ekarpenak egiteko eskatu zaie. Ekarpen hauek guztiak Erronken Zuhaitzean eskegi ahal izango dira urtarrilaren 6ra bitartean.

Ekimen hau Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko euskalgintzako eragileekin batera, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean antolatu duten Euskararan Astearen barruan dago kokatuta. Gainera, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Euskarak 365 Egun ekimena antolatu zuten aurten ere Gasteizen. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean ospatuko den Euskaraldia aurkezteko ekintza berezia antolatu zuten larunbatean ALEA aldizkariarekin elkarlanean.