GASTEIZ. Hala jakinarazi dute asteazken honetan Gasteizen egindako prentsaurrekoan Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak, Elena Moren Ingurumen sailburuordeak eta Oscar Acedo Ecovidrioren Zonaren gerenteak.

EAEko birziklapen tasa Espainiako batez bestekoa baino 10 puntu handiagoa dago -Espainian biztanleko 16,2 kilo beira-. Halaber, atzetik datozen Nafarroak baino 1,6 kilo gehiago, Errioxak baino 2,7 kilo gehiago eta Kataluniak baino 7,5 kilo gehiago birziklatu zituen iaz EAEk.

Gainera, 2012 eta 2016 bitartean, edukiontzi berdean jasotako beirak %6ko igoera izan du EAEn, 54.666 tonatik 57.978 tonara, eta biztanleko tasa 24,9 kilotik 26,2 kilora pasa da lau urteotan.

Lurraldeka, Gipuzkoa izan zen 2016an gehien birziklatu zuena (biztanleko 35,7 kilogramo), eta ondoren Araba (23,4 kg/biz) eta Bizkaia (21,6 kg/biz). Donostia izan zen beira gehien birziklatu zuen hiriburua da (38 kg/biz).

Horrela, hiritarren parte hartzea errazteko asmoz, edukiontzi parkea %4 handitu zen iaz eta gaur egun 10.366 unitate daude erabilgarri. Horren ondorioz, edukiontzi bat dago 211 biztanleko.

JARRERA ETA PORTAERA

Iñaki Arriolak sailburuak azpimarratu duenez, "euskal gizarteak ingurumenarekin duen konpromisoa ez da adierazpen erretorikoetara mugatzen, baizik eta natura ingurunea babesten eta gure bizimoduak ingurumenean dituen eraginak minimora gutxitzen lagunduko duten jarrera eta portaeretan islatzen da".

"Osagai horiek ez dira hamarkadetan eta mendetan zehar kutsatzen egongo, eta erabilera berria ematen diegunez, ekarpen garrantzitsua egiten diogu natura ingurunearen babesari eta gure erronka handienaren aurkako borrokari: klima aldaketa, alegia", azaldu du.

Beiraren birziklatzea "funtsezko osagaia" da klima aldaketaren aurkako borrokan, eta edukiontzietan utzitako beirari esker, EAEko biztanleek ondokoa lortu zuten: 40.000 zuhaitz landatu eta 100 urtez zaintzeak dakarren pareko balioa duten CO2 tonen isurketa saihestea;128.000 MWh indar aurreztea, Bilbo hiru hilabete luzez argitzeko adina;birziklatutako ontziak zutik jarriz gero, Kontxako Badiaren azalera 80 aldiz baino gehiago okupatuko zuten; naturatik 69.600 tona lehengai ateratzea ekiditea.