- Datorren urtean Parisen argia ikusiko badu ere, atzo aurreratu zuten Unescoren Munduko Hizkuntzen Atlas berriaren proiektua, guztien egoeraren berri emango duena eta aldaketak azter-tzeko balio izango duena. Egitasmo honek eman zion amaiera Europako Hizkuntza-Aniztasunaren Foroari. Arriskuan dauden 800 hizkun-tzetan oinarritu ziren 2001ean egin zuten lehen atlasean, baina hainbat aldaketa jasan ditu horrezkero. Orain, Atlasaren azken aktualizaziotik zazpi urte pasa direnean, 2.680 hizkuntza arriskuan daudela badakite, eta besteek egoera ona dute edota oraindik aztertu gabe daude.
Hori guztia ikertuko du Unescok datorren urtean ezagutzera emango duen atlasean. “Lan berri honetan, hizkuntza horiez gain, beste guztiak ere bilduko ditu, horrela interesa duenak aniztasuna azter-tzeko aukera izango du”, azpimarratu zuen atzo Indrajit Banerjeek, Unescoren Ezagutzaren Gizarteen Dibisioaren zuzendariak. Bere ustetan, proiektu berri hau, 6.700 hizkuntzaz osatutakoa, oso garran-tzitsua izango da, munduko hizkun-tzek jasandako aldaketak ikusteko tresna izango baita, eta baita aurrera begiratzekoa ere.
Unescoren Komunikazio eta Informazio Sektorean programan aditua den Irmgarda Kasinskaite-Buddebergek gaineratu zuenez, ez dago guztientzat balio duen errezetarik, baina hala ere, jardunbide onak ezagutzera eman nahi dituzte proiektu honetan. “Lankidetza handiagoa behar da, eta horrelako plataformak edukitzea interesgarria izan daiteke hizkuntzentzat”, baieztatu zuen Kasinskaite-Buddebergek. Oraindik falta diren piezak osatu nahi dituzte Atlasean, adibidez, hizkuntza bakoitzaren hiztun kopurua finkatu, eta horretaz gain, nazioarteko sare bat sortu nahi dute, “horrela baliabideak partekatu daitezen, eta sendi linguistikoa sortu dadin”. Bere ustetan hizkuntzak ez dira ondare kultural hutsa, “aktibo bat” baizik, eta hori bezala zaindu behar direla uste du. “Bakoitzaren bizilekua hizkuntza da eta herrialdeen mugak utzirik, hau eraikitzea oso interesgarria da”, jarraitu zuen Banerjeek. “Hizkuntzak oso beharrezkoak dira garapena eta bakea lortzeko, eta euren lekua merezi dute”.
Bestalde, espazio fisikoetatik haratago, sareko errealitatea ere salatu zuen, bertan hizkuntza asko “bazterturik” baitaude, eta horren galerak kultura ere desagertzera bultzatu dezake. “Munduko hamar hizkuntzek hartzen dute Interneteko edukien %84a”, nabarmendu zuen, eta bere iritziz, datu hori erabileraren erakusle da. “Internet eleanitza behar da, bakoitzak bere hizkuntza esparru guztietan erabiltzeko aukera izan dezan”, borobildu zuen. Gainera, eleaniztasun horrek “gizarte zuzen eta inklusiboagoak” sortzen lagunduko duela uste du Banerjeek.
Hauen ondoren eta foroarekin amaitzeko, María Teresa Lizaranzu Unescoko Espainiaren ordezkari iraunkorrak euskararen eta estatuko beste hizkuntzen egoera goratu zuen, eta euskararen “aberastasuna” etorkizunera begira jarri behar dela gaineratu zuen.
Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen hitz egin zuen azkena eta Europaren berpizkundean “aniztasunak erdian” egon behar duela nabarmendu zuen. “24 estatu hizkuntzei baino gehiagori erreparatzea beharrezkoa izango da batasunerako”, adierazi zuen.