Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ireki du 2016-2017 ikasturtean Gradura Egokitzeko Ikastaroetan izena emateko epea. Ikastaro hauen helburua da unibertsitate titulazioetako sistema zaharreko diplomadunek beren ibilbide akademikoa Europako Unibertsitate Eremuak (EUE) ezartzen duenarekin egokitzea, eta master zein doktoretza ikasketetara sartu ahal izatea. Gradu hauetara egokitzeko ikastaroak eskaintzen dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ), Ekonomia, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakaslea, Gizarte Lana, Erizaintza eta Fisioterapia. Ikastaro hauei buruzko informazioa NUPen webgunean dago.Aurreinskripzioa posta ziurtatuaren bidez egingo da, edo Iruñeko Arrosadiko campuseko Administrazio eta kudeaketako eraikineko Erregistrora pertsonalki joanda, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30era. Epea datorren ostiralean, apirilaren 29an, amaituko da.Osotara 200 ikaspostu eskaini dira ikastaroetan. Irakasle graduetara egokitzeko ikastarorako eskaintzen dira ikaspostu gehien, 90 ikaspostu zehazki (40 Haur Hezkuntzarako eta 50 Lehen Hezkuntzarako). Atzetik dator Gizarte Lanerako ikastaroak (40 ikaspostu), EAZ (25 ikaspostu) eta Ekonomia (25). Erizaintzan 10 ikaspostu daude, eta Fisioterapian beste 10.
Diplomaturatik gradura
Ikastaro hauek unibertsitateko ikasketen egituraren antolaketa berriaren ondoren sortzen dira, EUEra egokitzeko, eta EUEn lehen maila gradua da, eta graduak lehengo lizentziaturak, diplomaturak eta ingeniaritza teknikoak, orain iraungitze bidean daudenak, ordezkatu ditu.
Azpimarratu behar da lehengo diplomaturak baliodunak direla eta indarra dutela, eta lan eskuduntza berak dituztela tituludunen bizitza profesionalaren amaiera arte, eta, beraz, lehengo diplomadun, ingeniari tekniko edo lizentziadun batek ez dauka graduko titulu berri bat lortu beharrik bere lanbidean aritzeko.
Hala ere, egoki da unibertsitateek prestakuntza osagarri hau ematea, lehengo tituludunak sar daitezen beren ibilbide akademikoekin Goi Mailako Hezkuntzaren eskema berrian, master eta doktoretza ikasketetan sartu ahal izateko.Halaber, gogoratu behar da ikastaro hauetan matrikulatzen diren ikasleek, graduatzeko, hizkuntza gaitasuna frogatu behar dutela atzerriko hizkuntzan B1 mailan.