Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Arrosadiko eta Tuterako campusetan programatu dituen Ateak Zabaltzeko hiru egunetako lehena egingo du datorren larunbatean, apirilaren 9an. Aipatu apirilaren 9an Erriberako hiriburuan ematen diren bi titulazioak aurkeztuko dira, eta apirilaren 16an eta 23an, larunbatak horiek ere, jarduerak Iruñean izango dira.

Saio horiek 2016-2017 ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude. Ateak Zabaltzeko Egunak antolatzen dituzte ikastegiek eta titulazioek, eta zabalik daude ikasleentzat eta haien gurasoentzat, aldez aurretik izena eman behar izan gabe. Jardueren egun-orduak eta tokiak ikusi nahi izanez gero, hemen daude: Unibertsitatearen webgunea.Tuterako campusean apirilaren 9an, larunbatean, egingo den saioaren egitarauaren barruan, Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza titulazioari buruzko hitzaldia emango da 10:00etatik aurrera, eta Fisioterapiari buruzkoa 11:30etik aurrera. Irakasleek bi graduen edukiak zein diren eta lanerako zer aukera ematen duten azalduko dute, eta ibilaldi gidatu bat egingo dute laborategietatik eta lantegietatik.

Iruñeko saioak

Bigarren Ateak Zabaltzeko Eguna apìrilaren 16an, larunbatean, izango da, eta fakultate hauek egingo dituzte aurkezpenak: Osasun Zientzien Fakultatea (Erizaintza eta Fisioterapia), Zientzia Juridikoen Fakultatea (Zuzenbidea, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak eta Zuzenbideko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu bikoitza), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea (Haur Hezkuntzako irakaslea, Lehen Hezkuntzako irakaslea, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea (Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren nazioarteko programa elebiduna, eta Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren Gradu bikoitz eta elebiduna).Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da hitzaldi batekin Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean.

Ondoren, Osasun Zientzien Fakultatea, 10:30ean; Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea, gero, Gizarte Laneko eta Soziologia Aplikatuko graduei buruz, 11:30ean; Zientzia Juridikoen Fakultatea, 12:00etan; eta berriz Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea, Haur Hezkuntzako Irakasle eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduekin, 12:30ean.Ateak Zabaltzeko Egunetako azkena apirilaren 23an, larunbatean, izango da. Informazio-saioak beste titulazio hauei buruz izango dira: Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioei buruz (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza), 10:00etatik aurrera, eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoei buruz (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Industria Teknologietako Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Informatikoa), 11:30etik aurrera.Jardunaldiaren barruan informazio hitzaldiak egin eta laborategiak eta lantegiak erakutsiko dira (osasun arloko graduen eta bi ingeniari eskoletako titulazioen kasuetan), bai eta unibertsitateko gainerako instalazioak ere (Liburutegia, Errektoretza...). Halaber, horretarako interesa daukatenek kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.

Inskripzioa ekainean egingo da

2016-2017 ikasturtean Gradu ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi nahi dituztenek ekainaren bigarren hamabostaldian egin beharko dute aurreinskripzioa. Ikasleek Interneten bidez egin behar dute inskripzioa Unibertsitatearen webgunean (www.unavarra.es), eta idatzi beharko dute zein gradutan sartu nahi duten, gehienez ere lau, lehentasun ordenaren arabera. Onartuen zerrendak uztailaren hasieran ezagutaraziko dira, eta uztailaren bukaeran irekiko da matrikulatzeko epea, "Online" ere izango dena.