BILBO. Horrela, 2015-2016 ikasturtean, EHUn eskaintzen diren gradu ezberdinetako lehenengo mailan matrikulatu diren ikasleen erdiak -4.151 ikaslek- euskara hautatu du ikasteko hizkuntza gisa, eta gaur egun, unibertsitateko irakasgaien %92 -3.115 irakasgai- euskaraz eskaintzen dira, hau da, guztira, 200.000 eskola ordu baino gehiago urtero.
Jon Zarate EHUko Euskara arloko errektoreordeak adierazi duenez, "Euskal Herriko Unibertsitatea euskararen unibertsitatea dela esateko, hamaika arrazoi baino gehiago daude. Irakasle, ikasle eta langileen datu hotzez gain, argitalpen edo ikerketaz gain, euskara unibertsitatearen erdigunean dago, gero eta espazio handiagoak eta berriagoak irabaziz, Neurozientziatik Psikologiara edo Kimikatik Zuzenbide arlora, euskararen esparrua egunero zabaltzen eta indartzen ari baikara".
Halaber, EHUn kontratatuta dauden irakasle eta ikertzaileen %53,48 elebidunak dira, 2010ean baino hamar puntu handiagoa, hau da, gaur egun 1.773 irakasle eta ikertzaile elebidun daude EHUn, duela bost urte baino 309 gehiago. Ildo berean, arduraldi osora kontratatuta dauden irakasle eta ikertzaile elebidunen %80 doktorea da.
Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokionez, langileen hiru laurdenak euskarazko hizkuntza eskakizunen bat egiaztatua du, eta horietatik %35ak EGA baino maila altuagoa du.
Euskaraz egindako tesien kopurua ere, urterik urte, gorantz doa. Horrela, 2010ean 25 izan ziren euskaraz egindako tesiak, eta 2014an, berriz, 43. Urte horretan bertan, EHUko ikertzaileek 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituzte euskaraz.
Bere arduradunen arabera, EHU "euskararen unibertsitatea" dela esateko beste arrazoi bat da "Euskal Herriko lehen erakundea" dela euskarazko argitalpen zientifikoetan. Hain zuzen, 2014an euskara hutsean egindako 79 liburu eta aldizkari argitaratu zituen EHUk, eta Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuan argitaratzen diren liburuen %43,4 euskarazkoak dira.
Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hainbat ekimen antolatu dira EHUko hiru campusetan. Astelehen honetan bertan hasita, jai giroa nagusituko da hiru lurraldeetako ikastegietan antolatu diren hitzaldi, eztabaida, musika saio, bertsolari, lehiaketa, tailer, zinema emanaldi eta abarrekin.