Iruñea Euskal mitologia eta zien-tzia oinarritzat hartuta, Baztan Ikastolak, Iruñeko Planetarioarekin elkarlanean, proiektu berritzaile bat garatu du aurten Nafarroa Oinezen antolakuntzaren baitan: Non dago eguzkilorea? marrazki bizidunen filma. Ikastolako ikasle ohia eta Planetarioko langilea den Miren Karmele Gomezek idatzi eta zuzendutako pelikula asteartean aurkeztu zen Planetarioan bertan.
Haurrei zuzentzen den pelikula honen gidoia euskaraz idatzita dago eta istorioak, zuzendariak azaldu bezala, Baztan bailaran galtzen den eguzkilore bat dauka abiapuntu. "Euskal mitologiako pertsonaia ezagun bati eguzkilorea galtzen zaio. Bere bilaketan izarrak, konstelazioak eta ilargia ezagutzeko parada izanen dugu eta zenbait lagunekin eginen dugu topo". Mitologia, zien-tzia eta euskaraz, beraz, eskutik hartuta datozkigu Non dago eguzkilorea?-n.
Pelikulan aurkezten diren pertsonaien zein eszenatokien diseinua Gomezen eskutik joan da, baita gidoiaren idazketa eta zuzendaritza ere, naiz eta Planetarioko ekoizpen taldearen laguntza ere jaso duen egokitzapen lanetan, izan ere, ezaugarri bereziak ditu bertan proiektatzeak, Gomezek azaldu bezala: "Muntaia berezia da, izan ere planetariko proiekzioak kupula semi esferikoa da eta bertan proiekzioak egiteak abilezia bereziak eskatzen ditu. Horren jaun eta jabea, produkzio taldeko Raul Manzanal izan dut, nirekin gau eta egun lanean aritu izan dena. Marrazkiak eta dekoratuak nire eskuetatik sortu dut, izugarrizko erronka niretzat, eta Raulek irudiak kupulara egokitzeko ardura hartu du, baita pertsonaiak animatzearen ere. Berak egindako lanaz oso harro nago, izugarrizko lana egin du. Ardura handia izan du eta benetan esker-tzen diot".
Auzolana, beti oinarri
Horrelako ikus-entzunezko proiektu batean lehenengo esperientzia izanda, "abentura zirraragarri" bat izan da Gomezentzat filmaren ekoizpen lana. "Zirraragarria izan da abentura hau, abiada bizian joan dena, batzuetan blokeo punttu batzuk ere izan dituen arren, jendearen laguntza eta auzolanari esker aurrera ateratzea lortu duena". Baztandarren parte-hartzea eta auspoa ezin zen faltatu Nafarroa Oinezen baitan garatu den proiektu honetan. Hala, pelikularen soinu banda Iñigo Iturria musikariaren eskutik joan da. "Argi nuen Iñigo Beltzunegi Iturriari proposatuko niola", gogoratzen du Gomezek, "bera izan da Nafarroa Oinezeko kantaren egilea eta bere-tzat izan behar zuela barneratua nuen. Gainera, laguna dut eta Baztan ikastolako ikasle ohia da, nirekin gelan ibilitakoa. Izugarrizko lana egin duela erran beharra dut". Pertsonaien ahotsei dagokienez, zuzendariak Nafarroa Oinezeko Komunikazio batzordearen lagun- tza izan du, zeinen parte ere baden: Marijo Garmendia EiTBko kazetariak; eta Xorroxin Irratiko esatariak diren Nerea Alzurik eta Fernando Anbustegik jarri diote ahotsa pelikulako pertsonaia banari. Bestalde, Ion Mindegia musikaria baztan ikastolako ikasle ohiak ere parte hartu du, pertsonaietako bati ahotsa jartzen. Halaber, haurren ahotsetarako, Maki eta Kristina Urtasunek zuzentzen duten Elizondoko Abesbatza Txikiko haurrek jarri dituzte. Soinu eta ahotsen grabaketa, bestalde, Elizondoko Elbetea Records estudiotean egin da.
Ikasturtean zehar ikusgai
Joan zen asteartean aurkeztu zen filma 2015/2016 ikasturtean zehar, planetarioko hezkuntza-programaren baitako Izar-eskolan ere ikusi ahalko da. Gaztelaniazko bertsioa dagoeneko prest dago, eta frantses eta ingelesezko bertsioak egitea aurreikusten da, beste herrialdetako planetarioetako kupuletan proiektatzeko helburuarekin.