portugalete - Euskara ikasteko ezinbestekoa da hitz egitea eta, horretarako, lotsa ez da kiderik aproposena. Horrexegatik, AEK-k Lotsarik gabe, praktikatu gurekin lelopean aurkeztu zituen bere Mintzapraktika programak. Guztira, AEK-k hiru ekimen desberdin ditu euskara praktikatzeko: Berbalagun, Gurasolagun eta Gaztelagun, hain zuzen ere. Atzo goizean, Portugaleteko Rovira kafetegian eta giro ezinhobean hogei bat pertsona euskararen munduan murgildu ziren mintza-praktika alai batean programa hauek aurketzeko.

Mundu guztia gonbidatuta zegoen... lotsa izan ezik. “Lotsarik gabe ez da lelo hutsa. Euskaraz ikasten ari direnak lotsarik gabe hitz egin behar dute, egia esanda, ez haiek bakarrik, gainontzekoek hitz egin behar dugu baita ere”, adierazi zuen Edorta Lopezek, AEK-ko Mintzapraktika programen arduraduna. Urtero, gero eta jende gehiago gehitzen da ekimen honetara, euskaltegiek zabaldu dituzten datuen arabera, pasa den kurtsoan 6.000 pertsona hartu zuten parte mintzapraktika hauetan. “Programek bi erronka nagusi dituzte, alde batetik, euskara sustatzea mintzaeraren bidez eta, bestalde, ikasleen ikaskuntza prozesua arintzea”, aitortu zuen Lopezek. Zalantzarik gabe, Mintzapraktika programak arrakastatsua izaten ari dira. Ehun bat herrietan antolatzen dira berbalagunen bilerak eta, batez besteko, partaideen kopurua %15a handitzen da urtero. “Aurten espero dugu %15 edo %20aren igoera izatea”, adierazi zuen Leire Montekatinek, Mintzapraktika programen beste arduraduna.

Ekimen hauetan partehartzeko ez da beharrezkoa euskaltegietako ikaslea izatea eta, gainera, dohainik da. Horrela, Mintzalagun bilakatu nahi diren pertsonek, lehenik eta behin beren izena eman behar izango dute praktikatu.blogspot.com webgunean.

Partaide horietako bat, Ritxar Navarro da. Lau urte darama AEK-n euskaraz ikasten eta, duela pare bat urte, erabaki zuen Portugaleteko Berbalagun taldeetara gehitzea. “Duela bi urte hasi nintzen programa honetan eta, egia esanda, erabaki oso ona izan zen. Portugaleten ez da erreza euskaraz hitz egitea eta, horrela, euskara praktikatzeko talde bat aurkitu dut”, aitortu zuen Ritxarrek. Berak “hutsetik” hasi zen duela lau urte eta, orain, euskara nahiko ondo menperatzen du. “Aurrerapen nabarmena nabaritu dut nire euskara mailan mintzapraktiketan parte hartzen dudanetik”, esan zuen Ritxarrek. Bere taldeak, ostegunero izaten ohi du hitzordua garagardo bat hartzeko eta egunerokotasunaren gaiak aztertzeko... Euskaraz eta lotsarik gabe.