BILBO. Student Formula dugu nazioartean antolatzen den tankera horretako lehiarik garrantzitsuena, mundu osoko ingeniaritza ikasleei lehiako monoplaza bat diseinatu eta eraikitzeko gaitasuna frogatzeko aukera ematen diena. Probak jende ugari erakarri ohi du, eta britainiar hedabideek garrantzi handi samarra eman ohi diote. 2015ean, 2008az geroztik Eskola partaide izan duen erronka honen 18. edizioa antolatuko da. Norgehiagoka Silverstonen jokatuko da uztailaren 9tik 12ra bitartean.

Azken urteotan bezalaxe, Eskola ordezkatzen duen Formula Student Bizkaia taldeak motor elektrikoa aukeratu du, lehiakide gehienek erabiliko duten gasolinazko ohiko motorraren ordez. Gainera, monoplazako armazoiaren eraikuntzan karbono-zuntza erabiltzeak, hauxe baita ibilgailuaren diseinu eta kontzepzioaren berritasun nagusia, hobekuntza handiak ekarri ditu ibilgailuaren pisuan, ergonomian eta segurtasunean. Aldi berean, material honen aldeko apustuak garrantzi handiko erronka suposatu du taldearentzat, teknologia berritzaile honen ikerketari, fabrikazioari eta aplikazioari dagokienez.

50 ikasle, 3 irakasle, 20.000 orduko lana

Bederatzi hilabeteko jardun luzearen eta taldeak 20.000 lan-ordu inguru egin ondoren, FS Bizkaia, datorren astean (uztailak 9-12) jokatuko den lau eguneko lehia gogorraren aurreko azken ukituak emateko prest dago. Taldea lehen 35 postuen artean sailkatzeko asmoz neurtuko da 28 herrialdetako 138 unibertsitate elkartuko dituen Ingalaterrako norgehiagoka honetan, eta lortuz gero, sekulako arrakasta izango litzateke, bereziki gogoan izanda proban parte hartuko duten zenbait unibertsitatek esku artean darabiltzaten aurrekontu ikaragarriak, horietako asko unibertsitate pribatuak baitira, edota automobilgintza sektoreko enpresa liderrek babestutakoak.

Bizkaiko taldea Ingeniaritza Mekanikoa Saileko Charles Pinto eta Javier Corral irakasleek eta Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Asier Zubizarretak zuzendu dute. Ikasle taldeak 50 kide ditu guztira, horien artean 11 emakume, eta Industria Teknologiaren Ingeniaritzako graduko ikasleak dira nagusi, nahiz eta beste titulazio batzuetako ikasleek ere parte hartu duten, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako eta Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako graduetakoak kasu. Hauekin batera, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako ikasleak daude. Guzti-guztiek ondo bereizitako lantaldeetan banatuta lan egin dute: antolaketa eta komunikazioa, potentzia-trena, xasisa, kontrola eta telemetria, suspentsioa eta direkzioa, kornerrak (pneumatikoak, hagunak eta balaztak bezalako osagaien kontrola barne hartuta) eta I+G.

"Endurance" izeneko "proba nagusia" igandean jokatuko da, uztailak 13, eta ingelesezko izenak iradokitzen duen bezalaxe, monoplazen iraunkortasuna egiaztatzeko diseinatu da. Ibilgailuek 20 kilometroko ibilbidea egin behar dute Silverstone-ko pistan, ibilgailuaren ezein parametro aldatzeko aukerarik gabe eta pilotu-aldaketa bakarra egiteko baimenaz. Oso gutxi dira proba zorrotz eta gogor hau osatzeko gai diren taldeak. Test honek proban jarriko du Formula Student Bizkaia taldearen bederatzi hilabeteko lana, eta ondorioz, garrantzi handi-handikoa da pilotu egokiak aukeratzea. Zortzi pilotu hautatu dira taldeko kideen artean, eta proba teorikoekin batera, era askotako proba praktikoak gainditu behar dituzte simulagailu batean, kart baten bolantean, iazko prototipoetan eta, azkenik, FSB2015 modeloaren barruan.

Uztailaren 7an, 25 ikaslek osatutako taldea Ingalaterra aldera joango da boxa instalatu eta ibilgailua doitzera, lehiako lau egunetan bederatzi kategoria estatiko eta dimaniko gainditzeko gai izan dadin, non eta aurreko asteburuan 1 Formulako izarrik distiratsuenak neurtuko diren zirkuitu berean.

2014ko edizioan, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko taldeak 31. postua lortu zuen 91 postu zituen sailkapen nagusian, emaitzarik onena bihurgune estuetarako prestazioen skidpad proban lortu zuelarik (17. postua). Lehiaketa honetako gainerako probetan, ibilgailuaren kostua eta iraunkortasuna, diseinua, eraginkortasuna, abiadura, azelerazioa eta erresistentzia bezalako alderdiak neurtzen dira, eta negozio-plana epaitzeko sailkapenari begira, talde guztiek ibilgailuak errentagarritasunez fabrikatu eta merkaturatzeko proposamena xehetua aurkeztu behar dute. Atal honetan, Eskolako taldeak lehen postua lortu zuen lehiaketaren edizio batean.

Balioerantsi handiko prestakuntza eta ingeniarien harrobia, sektorekomunduko enpresa liderrentzat

Student Formula Bizkaia taldea ondoz ondoko zortzigarren urtez lehiatuko da Silverstonen, eta partehartze honek balio erantsi handiko prestakuntza osagarria ekarri die taldeko kideei, ingeniaritzako ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izan baitute taldeko lana, baita fabrikazio-prozesu desberdinak ere, teknologiarik aurreratuenen laguntzaz eta sektoreko enpresei dagokien kudeaketaz. Taldea osagai trakziogilea bilakatu da Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikora ikasle berriak erakartzerakoan, eta urterik urte, lehia gogorra sortu ohi da taldeko kide izan nahi dutenen artean, izan ere, jasotako eskaera-kopuruak plaza erabilgarrien kopurua hirukoiztu ohi baitu.

Bestalde, Student Formula Bizkaiaren inguruko esperientzia balorazio handiko osagaia da automobilgintza arloko karrera profesionala landu nahi duten Eskolako ikasleen kurrikulu akademikoan. Taldeko kide izan diren Eskolako ikasle-ohien artean, batek, Honda konpainia japoniarrak Ohion (AEB) duen I+G instalazioetan lan egiten du gaur egun, eta beste batzuk ospe handiko enpresetako langileak bilakatu dira, Honeywell britainiarra, Altran frantziarra edota Nissan-en Bartzelonak duen lehiako motorren lantegia tarteko direla.

Aurrekontuaeta babesleak

FSBizkaia taldeak sailkapenik onena lortu zuen iaz Estatu espainiarretik joandako unibertsitateen artean, eta oraingoan, 75.000 euro inguruko aurrekontua izan du, lehian parte hartuko duten zenbait taldek esku artean darabiltzaten milioi bat euro inguruko aurrekontuetatik oso-oso urrun. Gogoan izan, gainera, kopuru horren laguntzaz, ibilgailuaren eraikuntza eta bi lehiaketatako partehartzea ordaintzen dela, izan ere, Silverstoneko probaren ondoren, Formula Student Spain delakoa jokatuko baita Bartzelonako Montmeló zirkuituan, irailaren 27tik 30era bitartean.

Horrez gain, Formula Student Spain delakoaren prestigioa handitu ahala, puntako unibertsitateen partaidetza ere aregotu da. Honela, 2014ko edizioak 49 talde bildu zituen, gehienak europarrak (Alemania, Erresuma Batua, Italia, Herbehereak, Belgika, Finlandia, Espainia, Suitza, Errumania eta Polonia), iparramerikar unibertsitate batekin batera. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko taldeak 14. postua lortu zuen sailkapenean, Estatuko unibertsitateen posturik onena, eta kontsumo-eraginkortasunaren proban nagusitu zen.

UPV/EHU eta Eskolaz gain, Formula Student Bizkaiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta beste babesle batzuen sostengua izan du, Automotive Intelligence Center (AIC), Seur, Sener, AVL, Altair, Bilboko Udala, Brammer, Batz eta Polistmodel tarteko direla, bai eta era askotako beste hogeita hamar bat laguntzaileren esku-hartzea ere, ibilgailuko hainbat pieza fabrikatzen lagundu duten Bizkaiko eta Gipuzkoako lanbide-heziketako hamar bat ikastetxe kasu

StudentFormula historia StudentFormula

1981ean, Society of Automotive Engineers SAE-k sortu zuen 'Formula SAE', munduko unibertsitate guztietako 140 taldeekin osatutako lehiaketa, gaitasunak proban jartzeko helburuarekin. 1998an, amerikar unibertsitateetan europar ikasleek egindako bi ibilgailuk parte hartu zuten erakustaldi bat antolatu zen Erresuma Batuan. Erakustaldiak izan zuen arrakasta ikusirik, Institution of Mechanical Engineers IMechE-k, Student Formula sortu zuen, SAE eta Institution of Engineering & Technology IET-ren lankidetzarekin. Orduz geroztik, urtero egin da proba eta azkenengo sei urteetan, Silversone zirkuituko asfaltoan. "Student Formula", automobilgintza sektoreko erreferentzia bihurtu da urtez urte, eta bereziki, lehiaketa munduan. F1-eko ingeniariak, pilotuak eta pilotu-taldeen zuzendariak aurkitzen dira bertan, ikasketak, automobilgintzara bideratu nahi duten ingeniaritzako ikasleen erakusleihoa bihurtu den ekimena eta pilotu-taldeetako etorkizuneko teknikarien harrobi bihurtu den ekimena dugularik egun.

2006an hasi zuen bere ibilbidea FS Bizkaiak, Eskolako Mekanika Ingeniaritza Saileko proiektu berri bat bezala. Prestaketa eta ikerketako bi urteren buruan, 2007/2008 denboraldian lehen eredua jaio zen, aste honetan bere zortzigarren edizioa izango delarik.