Elizondo - Baztan Ikastola aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen ari da buru-belarri. Honen harira, Ikastolako kultur asteak Artea Oinez izan du irizpide. Ekimen honetan, Joxe Mari Apezetxea Erratzuarra omendu dute.
Zer sentitzen duzu pintatzen duzularik?
-Gehienetan kontent sentitzen naiz pintatzen, zeruan bezala, baina ba-tzuetan ez horrenbertze, margolana ez zaidanean ateratzen, gehienbat. Nik koadro aunitz egiten nituen Ameriketarat joaten ziren baztandarrendako. Koadro hauek beraien sortetxetakoak izaten ziren, baserriarenak, baina egia errateko ez zitzaidan horrenbertze gustatzen enkarguz pintatzea; nahiago izaten dut nik nahi dudana pintatu.
Zenbat denbora daramazu pinta-tzen? zerk sortu zizun pintatzeko gogoa?
-Haurra nintzelarik hasi nintzen. Hasieran liburuen bazterretan pinta-tzen nuen, garai hartan mutikoak eta neskatikoak bereizita ginen eskolan. Ikasi beharrean, behiak, zaldiak, zerriak? pintatzen pasatzen nuen denbora. Eskolatik atera ondoren, asto batekin joaten nintzen oihalak saltzera, baserriz baserri, hori baitzen nire lana. Nire etxea oihal denda bat zen garai hartan eta bertan egoten ziren kartoietan aritzen nintzen pintatzen; beti oihalak akitzeko esperoan egoten nintzen, kartoietan pintatzeko.
Denborarekin pintatu dituzun txokoak aldatu egin al dira?
-Ni 1927.urtean sortu nintzen, baina garai hartan autorik ez zegoenez, erdi aroan sortu nintzela erraten dut. Teknologiak aitzinerat egin du eta aunitz aldatu da bizitza. Baztango paisaia ere aunitz aldatu da. Lehenago, udazkenean, paisaiaren kolorea gorrixkago izaten zen, zuhaitz aunitz zegoelako; gaur egungo udazkenean kolore gorri gutxiago dago eta sasi gehiago daude.
Zenbat koadro egin dituzu zure bizitzan zehar?
-Ez dakit, hori jakitea tontakeri bat dela uste dut. Koadro aunitz egin ditut eta ez naiz banaka-banaka koadroak kontatzen aritu, baina aunitz direla seguru nago.
Atera al zara Baztandik bertze paisaiak pintatzera?
-Bai, baina sobera ere ez; niri Baztango herriak pintatzea aunitz gustatzen zait, oso paraje ederrak ditugu hemen inguruan; baina egia da Ipar Euskal Herriko txokoak pintatzea ere arras gustuko dudala.
Zenbat sari eman dizkizute?
-Orain arte ez didate saririk eman; lehiaketa batera aurkeztu nintzen, eta ez ninduten hautatu; lehiaketa hartako gaia natura zenez, zuhaitz bat egin nuen, baina epaileei ez zitzaien sobera gustatu. Hortik aitzinera ez naiz lehiaketa gehiagotara aurkeztu. Baina aitortu behar dut duela guti Artea Oinez ekimenean omendua izan nin-tzela; arras pozik paratu nintzen eta nire tailer honetan dut han eman zidaten oparia, zintzilikatuta.
Zein dituzu kolorerik gustukoena eta koadrorik hoberena?
-Ez daukat kolore gustukoenik, izan ere, koadro bat pintatzeko kolore guztiak behar dituzu; eta koadroei dagokienez, ezingo nuke bat bakarrik aukeratu.
Zure margolanek errealitatea den bezala erakusten dute edo zure asmakizunak izaten dira?
-Ez dira guztiz errealak, gainera badut istoriotxo bat honen inguruan. Behin familia batek enkargu bat egin zidan, Ameriketarat joan behar zuten eta bere etxea pintatzea eskatu zidaten. Pintatzen hasi nintzelarik, etxeko gaztea etorri zitzaidan eta esperatzeko erran zidan, amak loreak paratu behar zituela leihoetan... Baina nik problemarik ez zela erran nion, berak paratu gabe nik pintatuko nituela loreak.
Zein izan zen zure lehenengo koadroa? Zurekin gordea al duzu oraindik?
-Nire lehenengo koadroa plater bat izan zen, eta honek mahatsa, sagarra? zituen gainean. Aspaldiko ber-tze bi ere baditut gordeak. Hauetako bat miserikordian zegoen gizon batena da; Pikabea eta ni gaten ginen goizetan beraien aurpegiak margotzera, gosaltzen zeudela aprobetxatuz. Ber-tzea berriz, lorontzi bat da; egia erran, aunitz gustatzen zait loreak pintatzea.
Badago Baztanen pintatu ez duzun txokorik?
-Pintatu ez ditudan hainbat txoko daude baina herri guztietako koadroak ditut. Gehien pintatu ditudan herriak Aniz eta Ziga dira eta, gutxien berriz, Almandoz eta Oronoz.