Estreineko aldiz mundu mailan egingo den eztabaidaguneak sektorearen egungo egoerari eta etorkizuneko erronkei buruz gogoeta egingo du.
Gastronomia eta turismoa izango dira abiapuntuak. Basque Culinary Centerretik esan bezala, bi kontzeptu hauek berezko aliatuak dira, eta batak bestea indartzen du. Hartara, gastronomiaren eta turismoaren arteko loturetan sakontzeaz gain, lankidetza estuagoa lantzeko irizpideak finkatuko dituzte.
Datozen egunotan turismo gastronomikoaren hiriburu bilakatu da Donostia. Izan ere, nazioartean erreferentzia diren hainbat aditu batuko dira jardunaldiotan. Hala nola, World Food Travel Association erakundeko zuzendari exekutiboa, Jorge Vallejo Quintonil jatetxe ospetsuko sukaldari-burua (Mexiko DF), Mitsuharu Tsumura Limako Maido jatetxeko arduradun eta sukaldaritza perutarraren iraultzaren adierazgarri dena, eta gure artean ezagunagoa den Pedro Subijana chefa arituko dira hizlari. TME erakundeak ere egingo du bere ekarpena, Taleb Rifai idazkari nagusiaren eskutik.
Bilkuraren irekiera ekitaldian, Taleb Rifai, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariak parte hartuko dute. Ondoren, 'brainstorming' saioak, foroak eta tailerrak hartuko dute leku, besteak beste.