BILBO. Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, asteazken honetan, apirilaren 22an, azken egunotako giro eguzkitsu eta egonkorra amaitu egingo da, batez ere arratsaldean. Goizean goizetik aurreko egunotan baino hodei gehiago ikusiko dugu, baina, hala ere, tarteka urdinguneak ere irekiko dira.
Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira, eta garapen bertikal handiagoa izango dute, eta litekeena da zaparrada trumoitsuak botatzea.
Euria iristearekin batera iritsiko da haize aldaketa, hegoaldetik ipar-mendebaldera, eta zakartu egingo da kostaldean. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango.
Hiriburuetan, Bilbon 12 gradu espero dira gutxienez eta 23 gehienez, Donostian 11 gutxienez eta 24 gehienez, Gasteizen 6 gutxienez eta 20 gehienez, eta Iruñean 12 gutxienez eta 23 gehienez.
Itsasoan hego-ekialdeko haizea ibiliko da, 4ko indarrarekin, baina arratsaldean ipar-mendebaldera aldatu eta zakartu egingo da, 5eko indarrarekin; itsaso kizkurra izango da hasieran eta itsaskia arratsaldean, itsaski handiko guneekin.
Mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu.
Itsasgora 18:04an izango da, eta itsasbehera 11:52an. Uraren tenperatura 14-15 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artekoa izango da.