Hernani - Hernaniko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Hernaniko Osasun Zentroak (Osakidetza) eta herriko hainbat taldek Ttapa-Ttapa egitasmoa abian jarri dute. Ekimen honen baitan astero, asteazkenetan, herriko elkarte batek ibilbide bat proposatuko du taldean egiteko.
Irteera 11.00etan izango da Atsegindegi plazatik eta ordubete beranduago, parte-hartzaileak leku berberara itzuliko dira hamaiketakoa egiteko eta elkar hobeto ezagutzeko. Programa hau bereziki pertsona helduen bizi kalitatea sustatzeko pentsatuta dago, zahartzaro duin eta aktiboa bilatzen duena, baina adin eta herritar orori irekia da.
Osasun zentroko Nekane Capetillo medikuak azaldu zuenez, ekimen honetan parte hartzeko eskaintza egin zietenean oso ideia ona iruditu zitzaien. “Ariketa fisikoa osasunarentzat onuragarria da eta diabetes edo tentsio altua bezalako gaixotasunak hobetzen ditu”. Tomas Plazaolak, Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko Eskualdeko koordinatzaileak, mezu berbera azpimarratu zuen atzoko aurkezpenean: “Ariketa fisikoak egoera fisikoa, osasun mentala eta sozializazioa laguntzen du”.
Ttapa-Ttapa ezagutzera emateko aste honetan Hernaniko Udalak eskuorri bat banatzen ari da non herriko kale eta parkeen zehar bederatzi ibilbide zehazten diren; motzenak 125 metro ditu eta luzeenak 7,3 kilometro. Mapa hauetan iturriak eta komun publikoak non dauden ere agertzen da.
Ttapa-Ttapa egitasmoaren barnean bakarrik ibilbide motzak, mila metro gehienez ingurukoak, aukeratuko dira, ordubetean aisa egin daitezkeenak.Bestalde, iniziatiba honetako herriko talde eragileak Koxka herriko ezgaituen elkartea, Hernaniko Odol Emaileak, eliz ebanjelikoa, emakumearen zentroa, Amher, Goiz Eguzki, Hernani Wukrorekin GKE eta Berriak merkataritza elkartea dira. Aste bakoitzean elkarte bat arduratuko da ibilaldiaz. Hau guztiagatik, Hernaniko alkateak, Luis Intxauspek, egitasmo hau erakunde eta eragile askoren elkarlanari esker jaio dela azpimarratu zuen.
Programa hau beste herri batzuetan martxan da, Urnieta edo Lasarte-Orian esaterako, oso emaitza positiboekin. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak udaletxean, jubilatuen etxean, osasun zentroan, kiroldegian, Ongintzako patronatuan edo Biteri kultur etxean eskuratu dezake.