BILBO. Goizean eguzki tarteak izango ditugu eta hego-ekialdeko haize harroarekin, epeltasun mailari eutsiko dio, batez ere ipar partean.

Alabaina, arratsaldean haizea ahulduz joango da eta hegoaldeko fluxua eten egingo da, eta eguraldia ezegonkortuz joango da; tarteka hodeiak trinkotuz joango dira eta trumoi zaparradak garatu litezke. Beraz, goizean giro lasaia, baina arratsaldean zehar ekaitzak garatzeko aukera.

Tenperaturari dagokionez, hiriburuetan, Bilbon 15 gradu espero dira gutxienez eta 22 gehienez, Donostian 14 gutxienez eta 21 gehienez, Gasteizen 8 gutxienez eta 17 gehienez, eta Iruñean 8 gutxienez eta 20 gehienez.

Itsasoan hego-ekialdeko haizea ibiliko da 4-5eko indarrarekin eta arratsaldean ipar-osagaira aldatuko da 3ko indarrarekin; itsaskirria eragingo du.

Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgora 19:12an izango da, eta itsasbehera 13:00etan. Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.