BILBO. Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidenteak bilera egin du Paskal Indo Seaskako lehendakariarekin eta Laida Mujika Ziburuko Kaskarotenea ikastolako presidentearekin eta, besteak beste, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak 10.000 euroko laguntza emateko erabakia hartu duela jakinarazi die, isunei eta lehenagoko zorrei aurre egin ahal izateko.

Izan ere, Aizpurua bisitan izan da gaur Ziburuko ikastolan, Guy Poulou herriko auzapezak egindako salaketen ondorioz ikastetxea ixteko mehatxupean baitago. Seaskak 4.000 eurotik gorako isunak ordaindu behar izan ditu orain arte, hezkuntza komunitateak ez duelako onartu eraikina uzteko agindua. Alkateak ikastolako argindarra kendu du, baina irakasleen eta familien ahaleginari esker eskolak eman dira gorabeherarik gabe.

Horrela, Udalbiltzak Ziburuko ikastolari emango dion diru laguntza "Euskal Herria Sendotzen" programaren barruan dago, hau da, sektore estrategikoetan -euskalgintzan, adibidez- jarduten duten euskal entitate batzuekin lankidetza hitzarmenak egiteko Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak baliatzen duen programan.

Ekintza hau Seaskarekin izenpetu den hitzarmen orokor batean kokatzen da, eta honen bidez, Udalbiltzak konpromisoa hartzen du urtero 10.000 euroko laguntza emateko Ipar Euskal Herriko ikastola bati, euskara ofiziala ez den eremu honetan euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko.

Euskararen ezagutza bultzatzea eta erabilera sustatzea gai estrategikoak dira Udalbiltzarentzat, eta Aizpuruak gogorarazi duenez, erakundeak bat egin du datorren larunbatean Kaskarotenea ikastolaren alde Ziburun egingo den manifestazioarekin.