BILBO. Bilboko Udaltzaingoak abiadura kontrolatzeko 2014ko bosgarren kanpaina egingo du datorren astean, astelehenean hasi eta igandera bitartean. Ekimena Euskadiko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barruan dago, eta gidariak bolantearen aurrean duten erantzukizunaz kontzientziatzea da helburua, bide segurtasuna bermatzeko. Modu horretan, Udaltzaingoak egunero batez beste lau kontrol egingo ditu kanpainaren zazpi egunetan zehar, hirian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radarretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte, Bilboko Udalak jakinarazi duenez. Kasu batzuetan, unean bertan emango diote arau hausleari muga gainditzearen berri, kanpaina dibulgatzailea izateagatik eta gidariek erantzukizuna hartzearren; beste batzuetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute. Bestalde, Bilboko Udaltzaingoaren Trafiko Sailak jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aurrez ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira. Abuztuaren 18tik 24ra abiadura kontrolatzeko martxan jarritako laugarren kanpainan, udaltzainek 621 ibilgailuri isuna jarri zieten -orotara 103.899 ibilgailuk parte hartu zuten kanpainan-.
- Multimedia
- Servicios
- Participación