Gripe kasuak % 4 inguru igo dira azken aste honetan (abenduaren 29tik urtarrilaren 4ra bitartean) hiru asteko beherakadaren ondoren, Gabonetan harreman sozialak direla-eta.

Hala ere, gaixotasunaren forma larrien kopuruak txikia izaten jarraitzen du, ZIUko ospitaleratzeen datuetan ikus daitekeen bezala (4 pertsona soilik). Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak berretsi egin dute txertaketaren aldeko apustua, arnas-gaixotasun horri aurre egiteko tresna eraginkorrena baita.

Aldi berean, herritarrei eskatzen diete funtsezko neurriei eusteko kutsadura gehiago prebenitzearren, batez ere maskara erabiltzea sintomarik izanez gero eta, zehazki, arriskuko pertsonekin kontaktuan egonez gero.

Osakidetzak gripearen bilakaerari buruz dituen azken datuen arabera, abenduaren 29tik urtarrilaren 4ra bitartean, aldi horretan 1169 kasu erregistratu dira guztira Euskadin, hau da, % 4 igo dira aurreko astearekin alderatuta.

Hala ere, egoera aurreko urteetakoa baino askoz hobea da data hauek alderatzen baditugu; izan ere, antzeko datuak aurkitzeko urtarrileko azken astera jo behar dugu 2023-2024 kanpainaren kasuan, edo otsailaren amaierara arte 2024-2025 kanpainan.

Intzidentzia ere txikiagoa da, baina gorantz jarraitzen du. Zehazki, Euskadin 721 kasu izan dira 100.000 biztanleko, aurreko astean erregistratutako intzidentzia baino 54 puntu gehiago. Lurraldeka banakatuta, zertxobait handiagoa da Araban, 830 kasuko intzidentziarekin; Bizkaian, berriz, 736 kasu eta Gipuzkoan 652 kasu.

OSPITALEKO EGOERA NORMALA

Ospitaleetako egoera normala da, betetze-maila % 83 ingurukoa baita. Guztira 217 pertsona ospitaleratu dira, aurreko astean baino 15 gehiago, baina soilik 4 daude ZIUn, aurreko astean baino 5 gutxiago.

Datu horiek ikusita, Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratzen dute erne egoten jarraitu behar dugula eta arreta handia jarri behar zaiola gripe-birusaren bilakaerari. Izan ere, nahiz eta joera beheranzkoa izan, Gabonetako jaien ondorioz oraindik gorakada txikiak gerta litezke.

Dena den, beste behin ere, txertatzearen garrantzia nabarmentzen dute; izan ere, frogatu da tresnarik eraginkorrena dela kutsatzeak prebenitzeko eta osasun-konplikazioak prebenitzeko, baita interakzio sozial handiko uneetan ere (hala nola azken aste hauetan).