Osakidetzako kolon eta ondesteko minbiziaren baheketak 4.486 tumore gaizto detektatzea ahalbidetu du 2009tik 2024ra bitartean, %70 hasierako estadioetan, eta horrek parte hartzaileen %95eko biziraupena ekarri du bost urtera.
Urtero detektatzen diren kasuen kopurua gizonena emakumeena baino ia bi aldiz handiagoa bada ere, emakumeen partaidetza %73koa da, eta gizonena, berriz, %68koa. Hori dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak programan oraindik sartu ez diren pertsona guztiek parte hartzeko deia egin dute, horrek beren osasunerako eta oraingo eta etorkizuneko bizi kalitaterako duen garrantziagatik.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek 2025-2030 aldirako Euskadiko Plan Onkologiko Integrala aurkeztu zuen urrian. Planaren helburua da, Euskadiko Osasun Itunarekin bat etorriz, minbizia duten pertsonen biziraupen tasa eta pazienteen eta biziraun dutenen bizi kalitatea hobetzea dira.
Hori lortzeko, minbiziari etapa guztietan modu integral eta integratuan heltzea, prebentzioan eta diagnostiko goiztiarrean aurrera egitea, baliabideetarako sarbide unibertsala, bidezkoa eta humanizatua, arreta pertsonalizatua, eta tratamendu aurreratuak eta berritzaileak lehenesten dira. Planean jasotako 142 ekintzetako askok pazienteen eskaerei erantzuten diete, "modu aktiboan" parte hartu baitute dokumentua egiten.
OSAKIDETZA
Osakidetzako kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa programa 'Jardunbide onena' izendatu dute minbizia prebenitzeko eta detektatzeko politiketan Eskualdeen Europako Batzordeko adituek egindako txosten batean.
Txostenak Europar Batasun osoko intzidentziaren eta hilkortasunaren bilakaera aztertu du, eta guztira 30 ekintza berritzaile aipatzen ditu, eremu horretan jardunbide onentzat jotzen dituen eskualdeetako agintariek ezarriak, besteak beste, Euskadiko kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa programa, Osakidetzatik jakinarazi dutenez.
Eskualdeen Europako Batzordearen txostenak euskal baheketaren parte hartze eta estaldura handia nabarmendu du, eta lehen bost urteetan kasuen intzidentzia handia antzeman zuela baina, halere, behera egin zuela programa finkatu ahala.