Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2026ko lehen hiruhilekoan osasun-txartel indibidual (OTI) digitalean bi prestazio gehitzea aurreikusten du.

Alde batetik, titularraz bestelako heldu bati erabiltzeko baimena emango dion OTI digitala; adibidez, adinekoak kargura dituzten senideen kasuan. Bestetik, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonentzako lehentasunezko OTIa.

Lehenengo kasuan, formatu digitaleko osasun-txartel indibidualak (OTI digitalak) bere prestazioak handituko ditu berriz ere, 2024an Osasun Sailak Euskadiko gurasoei eta legezko tutoreei beren telefono mugikorretan kargura dituzten 18 urtetik beherakoen osasun-txartel digitalak izateko (haien osasun-karpetan sartzeko aukera badute) aukera eman ondoren. OTI digital horrek harrera ona izan du, abian jarri zenetik 35.000 deskarga inguru egin baitira. 

Eta bigarren kasuan, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten kolektiboetako pazienteek, borondatez, osasun-sistemaren barruan kolektibo horietako paziente gisa identifikatzeko aukera izateko prozedurak amaitzen ari dira Osasun Saila eta Osakidetza.

Baliabide horiek osasun-sistema publikoan zerbitzu digital adimendunak garatzera bideratuta daude, eta zuzeneko eragina dute osasun-emaitzetan, profesionalen jardunaren eraginkortasunean eta, azken batean, Euskal Osasun Zerbitzuaren hobekuntzan

Pazientea OTIn identifikatzeak ekarriko duen abantailetako bat da irisgarritasuna eta laguntza ahalbidetuko dituela osasun-sistema publikoaren barruan, besteak beste: itxarongeletan denbora murriztea, kontsulten denbora paziente horien beharretara egokitzea, eta zaintzaileen aldetik laguntza etengabea jasotzea.

Bi prestazio berriak antolatuta daude teknikoki, eta azken egiaztapen-fasean daude informazio-sistemek behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzeko. Prestazioak ezarri ondoren, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten kolektiboentzako OTI txartelaren kasuan, onuradunaren helbidera bidaliko da gutun batekin batera, txartelak ematen dizkion onuren berri izan dezan.

OTI digitalaren 364.536 deskarga

OTI digitala herritarrei zuzendutako zerbitzua da, modernizatzera eta teknologia berrietara egokitzeko bidean aurrera egitera bideratua, eta Euskadiko farmazia eta osasun-zentro guztietan dago operatibo.

Orain arte, OTI digitalak 364.536 deskarga izan ditu. "OTI digitala" duenak osasun-sistemarekin elkarreragin dezake, bai Osakidetzan, bai farmazietan, medikazioa eskuratzeko. Horretarako, nahikoa da telefono mugikorra erakustea. Nolanahi ere, formatu digital horrek ez du ohiko txartela ordezten. Aitzitik, herritarrek osasun-sistemarekin duten interakzioa hobetzeko zerbitzu gehigarri bat da.

Pertsonak ardatz dituen eredu digitala eta konektatua

 

OTI digitalaren prestazioen handitzea Osasun Sailak eta Osakidetzak pertsonak ardatz dituen eredu digitalago eta konektatuago baten alde egindako apustuaren barruan kokatzen da. Ildo horretan, 2024-2026 aldian 100 milioi euro inguruko inbertsioa egin da eraldaketa eta osasun digitalerako, baliabide propioen edo Europako funtsen bidez egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko. OTI digitala funtsezko pieza da Osakidetzaren modernizazio digitalerako, Euskadiko Osasun Itunaren helburu estrategikoekin lerrokatutakoa.

Baliabide horiek osasun-sistema publikoan zerbitzu digital adimendunak garatzera bideratuta daude, eta zuzeneko eragina dute osasun-emaitzetan, profesionalen jardunaren eraginkortasunean eta, azken batean, Euskal Osasun Zerbitzuaren hobekuntzan.