Síguenos en redes sociales:

Ospitaleratzeak %2,7 gehitu ziren 2024an EAEko akutuen erietxeetan

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) akutuen erietxeetan 241.936 ospitalizazio izan ziren 2024. urtean, hau da, aurrekoan baino %2,7 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera

Ospitaleratzeak %2,7 gehitu ziren 2024an EAEko akutuen erietxeetanUtzitakoa

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) akutuen erietxeetan 241.936 ospitalizazio izan ziren 2024. urtean, hau da, aurrekoan baino %2,7 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Erietxeratzeen kausa nagusiak digestio gaixotasunak, zirkulazio gaixotasunak eta arnas gaixotasunak izan ziren, guztizkoaren %38,5 izanik, %5,1 gehituta 2023aren aldean.

Urria izan zen ospitaleratze gehien izan zituen hilabetea (%9,3), eta urtarrilean izan ziren erietxeetan heriotza gehien (guztizkoaren %10,5); urteko lehen hilean, gainera, arnas gaixotasunek garrantzi handiagoa hartu zuten gripe eta pneumonia kasuen ondorioz.

Hiritarren %84,6 ospitale publikoetan eta %15,4 pribatuetan artatu zituzten 2024an. Zentro pribatuetan artatutako patologien maiztasun ordena ezberdina da, eta aparatu muskuloeskeletikoaren arazoak dira tratatuenak (%20,2) -horien artean belauneko eta aldakako artrosia nabarmentzen dira-; gero traumatismoen eta lesioen taldea dator (%14,1) -gehien diagnostikatzen direnen artean belauneko lotailu gurutzatu bihurritua dago-.

Erietxeratzeen %63,9 premiazkoak izan ziren, eta proportzioa ia %70ra iritsi zen ospitale publikoetan (%31,4 pribatuetan). Alta eman zitzaien pertsona guztietatik %90,8ri sendatzeagatik edo hobetzeagatik eman zitzaien, %3,4ri heriotzagatik eta gainerakoei beste zentro batzuetara eramateagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Ospitaleratutako pertsonen profilari dagokionez, gizonen proportzioa (%51,3) emakumeena (% 48,7) baino handiagoa izan zen, eta proportzioa %54,5era igo zen erditzeak, haurdunaldiak eta puerperioak eragindako arreta kasuak alde batera utziz gero. 2023ko datuekin alderatuta, erietxeratzeak %3 gehitu ziren gizonen artean eta %2,5 emakumeen artean.

Iaz erietxeratutako pertsonen %52,3k 64 urte baino gehiago zituzten. 65-79 urtekoen taldean metatu ziren ospitaleratze gehien (%29,5), eta ondoren, 45-64 urtekoenean (%25,3).

Sexuaren arabera, gizonen artean ospitaleratze gehienak 65 eta 79 urte artekoak izan ziren (ia %34); emakumeen artean, berriz, gehiengo hori ia berdin banatu zen 65 eta 79 urte bitartekoen artean (%25) eta 80 urte eta gehiagokoen artean (%24,9); izatez, emakumeak gizonezkoak baino gehiago izan ziren 80 urte eta gehiagokoen taldean.

Lurraldee begiratuta, erietxeratutakoen %51,3 Bizkaian bizi ziren, %31 Gipuzkoan, %15,1 Araban, %1,9 probintzia mugakideetan (batik bat Burgosen eta Kantabrian), %0,4 gainerako probintzietan eta % 0,3 atzerrian.